Euskal Herrian, zerua behatzeko hainbat toki daude. Batzuetatik, txoriak eta hegaztiak ikus daitezke, bereziki migrazio prozesuan. Beste batzuk, berriz, urteko zenbait garaitan izarrak ikusteko dira aproposak. Aditu baten laguntzarekin edo gabe, gorantz begira jarri eta paisaiaz gozatzeko aukera ematen dute.
1
Belaguako aterpea
Erronkariko balkoi naturala
Erronkariko ibarra izarrak ikusteko leku aproposa da, are gehiago mendian gora eginez gero. Nafarroako Pirinioetan, Belaguako ibarrean dago Belaguako aterpea. Fernando Jauregi Iruñeko Planetarioko astrofisikariak Erronkariko «balkoi natural» gisa izendatu du: «Nafarroa osoko zonarik ilunenetariko bat da, argi kutsadura txikienetarikoa duena. Izan ere, ez dauka hiri handirik inguruan, eta herriak nahiko txikiak dira».
Aproposena izanagatik, ordea, baditu eragozpenak, Jauregiren hitzetan: «Aparkalekua beti karabanaz, furgonetaz eta autoz lepo egoten da; trafiko ugariko lekua da». Hori dela eta, aterpetik apur bat iparralderago joateko gomendioa eman du, El Ferial aterpea dagoen tokira. Aparkalekua dago bertan ere, baina trafikotik apur bat aldenduta geratzen da, babesean.
Bertan antolatzekoa zen Iruñeko Planetarioaabuztuaren 12an pertseidak ikusteko irteera. Eguraldia zela eta, ordea, Burgi herrian egin zuten, izarrak ikusteko sortutako behatokian. Izan ere, Pirineos La Nuit proiektuaren barruan, inguruko hainbat herritan izarrak ikusteko erreferentziazko begiratokiak sortzen ari dira, turistak izarrak ikustera joan daitezen. «Ez dira lekurik aproposenak, baina herrietatik gertu daude, eta praktikoak dira», azaldu du Jauregik.
Izarrak ikusteko, nahikoa da hotzik ez pasatzeko arropa hartu eta janari eta edari apur bat eramatea, gogoratu duenez; ez da teleskopio edo prismatikorik behar: «Gora begira eseri edo etzan, eta itxaron egin behar da: pazientzia izan, eta zure ikuseremuan pertseidaren bat egon arte itxaron».
2
Urdaibai Bird Center
Hegaztientzako nazioarteko aireportua
Arrain kontserbetarako lantegia zena hegaztien geraleku da gaur egun: Urdaibai Bird Center. Urdaibaiko biosfera erreserbaren bihotzean dago, Gautegiz-Arteagan (Bizkaia), eta Edorta Unamuno bertako ornitologoak esan du «hegaztientzako nazioarteko aireportua» dela. Izan ere, hegaztiek, migrazioan daudenean, atseden hartzeko eta babesteko erabiltzen dute.
Unamuno eta lankideak zentrotik padurara eta hezegunera begira egoten dira. Zentroaren barruan, pantaila batzuk dituzte, eta bertan agertzen dira azkena heldutako txorien datuak, aireportuetako pantailetan nola. Joan-etorriak etengabeak direnez, egunetik egunera aldatzen da paisaia, «naturako museo bizi» bihurtuz Urdaibai Bird Center.
Urte osoko hegaztiak kontuan hartuta, 275 hegazti espezie inguru ikus daitezke bertan. Unamunoren hitzetan, ordea, jendea hegazti txikiekin harritzen da gehien; enarekin, adibidez: «Heroi izugarriak dira. Senegalera, Afrikarainoko bidaiak egiten dituzte, Sahara gurutzatuta». Hain zuzen, esan du hegaztia «aitzakia» bat dela Euskal Herriko aberastasunaren berri emateko: «Nahi dugu jendeak begiak irekitzea eta ikustea zelako altxorrak dauzkagun Bizkaiko zatitxo honetan».
3
Organbidexkako lepoa
Hegazti migratzaileen autobidea
Neguko babeslekura bidean, hegazti migratzaileek hainbat lekuri egiten diote bisita Iratiko basoaren inguruan eta, oro har, Euskal Herrian. Horietako bat da Organbidexkako lepoa (Zuberoa), Orhi mendiaren alboan dagoena. «Euskal Herria da Europan migrazio leku handienetariko bat, hegazti migratzaileentzako autobideetako bat», azaldu du Beñat Iribarne ornitologoak.
Iribarnek esan du lekua oso ezaguna dela, eta ornitologoek aspalditik daukatela begiz jota hegaztien migrazioa behatzeko: «Lehen lekua izan da ornitologoek bere gain hartu dutena. Ehiztariek erabiltzen zituzten aunitz urtez, eta Organbidexka izan da askaturiko lehen lepoa».
Hainbat hegazti ikusteko aukera egoten da, garai egokian bertaratuz gero: miru beltzak, oilagorrak, amiamoko zuri eta beltzak, lertxunak... Baina noiz joan jakin behar da. Izan ere, hegazti batzuk uztailean abiatzen dira neguko habiara, eta beste batzuk, berriz, irailean. Hegaztiak ondo ikusteko zer behar den galdetuta, «largabista pare bat, pazientzia eta begiak zorrotz izatea» aski direla gogoratu du.
4
Lapurriturri, Aiako Harriko parke naturala
Hamaika begirada leku berean
Aiako Harriko parke naturalean dago Lapurriturri informazio zentroa, Irunen (Gipuzkoa). Bertan, meategiak, harrobiak eta trenbide zaharra bisitatzeko aukera dago, baina baita ilundu arte itxaron eta izarrak ikusteko txangoa egiteko ere. Hala azaldu du Urkiri Salaberria zentroko arduradunak: «Hori da Lapurriturriren filosofia: toki bera berrikusten dugu, espazio berean zenbat begirada dauden ikusteko».
Ekintza horietarako, adituak gonbidatzen dituzte: izarren behaketa, adibidez, Aranzadiko kideekin egiten dute, urtero. Aiako Harriko menditik, planetak begiztatzen dituzte lehenik, eta gero hasten dira konstelazioen bidez izarrak ezagutzen.
Salaberriaren hitzetan, lehenik, 40 minutuz egoten dira begiak iluntasunera ohitzen, gero izarrei so egoteko: «Bat-bateko argi batekin, auto bat etortzen bada, edo telefonoko argia pizten bada, begia ohiko tamainara bueltatzen da». Hori bai, eguraldiaren mende egoten dira urtero, baldintza meteorologikoak «oso aldakorrak» izaten baitira. Aurten, lehen aldiz lortu omen dute egunarekin «asmatzea».
Bihar: Begiratokiak (eta VI). Balkoiak.