Astebete itsasoan igaro ostean, Alan Kurdi itsasontzia atzo porturatu zen Taranton (Italia), aurretik jaso zituen 88 migratzaileak lehorreratzeko. Sea-Eye gobernuz kanpoko erakundearen erreskate ontzia 09:00 aldera iritsi zen kostara, ostiralean Italiako Barne Ministerioaren porturatzeko baimena jaso ostean. Baimena Frantziak eta Alemaniak 60 migratzaile hartzeko akordioa sinatu ostean iritsi zen. Portugalek hiru jasoko ditu, eta Irlandako Errepublikak bi.
Sea-Eyek urriaren 26an jaso zituen 90 migratzaile, Libiako kostaldetik gertu. GKEak Twitter bidez jakinarazi zuenez, «lasaitua» hartu zuen Italiaren erabakiaren berri eduki zuenean, erreskatatutakoak «akituta eta traumatizatuta» baitaude. Dena dela, Erroma kritikatu zuen. Izan ere, Sea-Eyek nabarmendu nahi izan zuen albistea jaso zuenean Alan Kurdi-k parez pare zuela Calabriako (Italia) kostaldea, eta beste 36 ordu beharko zituela Tarantora iristeko. Bezperan tentsio uneak izan ziren, «eguraldi txarra» saihestearren Italiako uretan sartu baitzen ontzia, horretarako baimenik eduki gabe.
Aste berean Italiara iritsi den bigarren erreskateontzia da. Aurretik 104 migratzaile zeraman Ocean Viking itsasontzia porturatu zen. Kasu hartan ere, Frantziak eta Alemaniak migratzaile haietatik 70 hartzeko borondatea azaldu zuten.