Goizaldean 500 polizia inguru sartu dira Apple Daily egunkariak Hong Kongen duen egoitzara, eta zuzendaritzako bost kide eraman dituzte atxilo, «atzerriko indarrekin elkarlanean aritzea» leporatuta. Duela urtebetetik indarrean den Segurtasun Nazionalerako Legea baliatuta egin dute operazioa.
Li Kwai-wah poliziaburuaren esanetan, kazetak argitaratutako 30 artikulutan oinarritzen dira zuzendaritzako bost kideren aurkako karguak aurkezteko. «Horietan eskatzen zieten nazioarteko gobernuei Hong Kongen eta Txinaren aurkako zigor neurriak har zitzatela, eta bost zuzendariek rol garrantzitsua izan zuten horiek publikatzea erabakitzeko garaian».
Egunkaria Jimmy Lai ekintzaileak sortu zuen, 1995ean. Lai bera preso dago joan den abuztutik, eta joan den maiaitzean haren jabetza guztiak blokeatu zituzten agintariek. "Demokraziaren aldeko protestak" bultzatzea egozten diote.
Hong Kongeko Segurtasun ministro John Leek ukatu egin du atxiloketak zerikusia duela kazetarien «ohiko» jardunarekin. «Ohiko kazetaritza erabateko askatasunez eta lege babes osoarekin. Ez dut irudikatzen kazetari profesionalik azpijokoan segurtasun nazionala arriskuan jartzeko».