'Brexit'-a

'Brexit'-a abian jartzeko legebiltzarraren baimena behar duela ohartarazi dio Auzitegi Gorenak Mayri

Lisboako Itunaren 50. artikulua aplikatzeko legebiltzarraren onespena behar duela ohartarazi dio Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak Theresa Mayren gobernuari. Artikulu horrekin abiatuko lirateke EBrekiko negoziazioak.

EBn jarraitzearen aldeko manifestari batzuk, Londresen. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE
2016ko azaroaren 3a
08:41
Entzun

2017ko apirilaren aurretik abiatu nahi ditu Theresa Mayren gobernuak Europako Batasunetik ateratzeko negoziazioak. Horretarako Lisboako Itunaren 50. artikulua aplikatuko zuela jakinarazi zuen urrian, baina epea luzatu egingo dela dirudi. Izan ere, artikulu hori aplikatzeko legebiltzarraren baimena beharrezkoa dela oharatazi dio gaur Erresuna Batuko Auzitegi Gorenak.

Helegitea jartzeko aukera du orain gobernuak, eta halaxe egingo duela jakinarazi du. Azkar espero da auzitegien erabakia ere —urtea amaitu aurretik etor litekeela diote—.

Azken erabakiak legebiltzarraren oniritzia derrigorrezkotzat jotzen badu, arazoak izan ditzake Mayren gobernuak. Izan ere, alderdi kontserbadoreak gehiengoa eduki arren, galdeketa egin aurretik brexit-aren kontra agertu ziren parlamentuko hiru legebiltzarkidetik bi. Hala ere, ez da erraza izango hautetsiek herritarren erabakiaren kontra egitea, eta, gainera, herritarren iritzia jakin ostean brexit-aren aldera lerratu dira lehen hala ez zeuden alderdi kontserbadoreko kide batzuk.

Epaiak epai, eta botoak boto, badirudi Mayk ezingo duela nahi bezain azkar jarri martxan EBtik bereizteko prozedura.

Behin 50. artikulua aplikatuta, bi urteko negoziazioak abiatuko ditu Erresuma Batuak EBrekin, handik ateratzeko prozesua adosteko. Mayk, orain arte, argudiatu du herritarrak brexit-aren alde azaldu zirenez legebiltzarkideek ez daukatela ezer esatekorik gaiaren inguruan. Kontrakoa ebatzi du orain auzitegiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.