'Brexit'-a

'Brexit'-a gehiago atzeratzea eragotzi nahi du Johnsonek

Ostiralean bozkatuko dute Bruselarekiko akordioaren inguruan Erresuma Batuko Parlamentuan; trantsizio epea 2020ko abenduaren 31tik aurrera luzatzea debekatuko duen zuzenketari buruz ere bozkatuko dute.

Boris Johson, Downing Streeteko 10. zenbakian. ANDY RAIN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko abenduaren 17a
13:36
Entzun

Gaur egingo dute karguaren zina Erresuma Batuko Parlamentuko kideek, eta etzi, ostegunean, Elisabet II.a erreginak hartuko du hitza, legealdiko helburu nagusiak laburbiltzeko. Horietako bat, eta nagusia, brexit-a izango da. Bruselaren eta Londresen arteko akordioari buruz ostiral honetan bertan bozkatuko dute Parlamentuan, eta, kontserbadoreek gehiengoa izanik, aurrera ateratzea espero da.

Berez, urtarrilaren 31n geratuko da Erresuma Batua Europako Batasunetik kanpo. Data hori behin eta berriz atzeratu behar izan dute bi aldeek, akordioaren gaineko desadostasunak direla medio. Boris Johnson lehen ministroak, ordea, zuzenketa bat aurkeztuko du ostiralean bertan, hori gehiago gerta ez dadin. «Irteera akordioaren gaineko lege berriak legez debekatuko du gobernuak luzapenak eskatzea», azaldu dute gobernuaren gertuko iturriek.

EBtik irteteko datari ez ezik, trantsizio aldiari ere eragingo lioke lege proposamen berriak; izan ere, testuak zehazten du tarte horrek abenduaren 31ra artekoa behar duela izan. Tarte horretan, Erresuma Batuak EBrekin elkarlanean jarraituko luke, eta baita haren merkatu bakarreko kide izaten ere, baina ez luke bozketetan eta erabakietan parte hartuko.

Akordioak jasotzen duenaren arabera, urtebeteko trantsizio epe hori beste bi urtez luza daiteke, merkataritza akordioa erdiesteko. Johnsonen proposamenak, baina, ez du horretarako aukerarik uzten, eta adituek ohartarazi dute onartuz gero akordiorik gabe eten ditzaketela harremanak bi aldeek. Keir Starmer diputatu laboristak salatu du zuzenketa «arriskutsua eta arduragabea» dela: «Herritarren lanpostuak arriskuan jartzen ari da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.