Europako Batasunak beste atzerapen bat onartu dio Erresuma Batuari. Berez osteguna zen brexit-a gauzatzeko eguna, baina, Erresuma Batuan ez direnez ados jarri Boris Johnsonen gobernuak Europako Batasunarekin adostu duen akordioarekin, urtarrilaren 31ra arte atzeratzea onartu du EBk. Komunen Ganberak akordioa aurretik onartuko balu, aurreratu egin liteke Erresuma Batuaren irteera, eta horretarako beste bi data jarri dituzte: abenduaren 1a eta urtarrilaren 1a.
Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak eman du atzerapenaren berri. Bruselan hartu dute erabakia EBko herrialdeen enbaxadoreek eta herrialde bakoitzak orain idatziz berretsiko dute.