'BREXIT'

'Brexit'-aren bigarren fasea negoziatzen hastea adostu dute Europako Batasuneko 27 estatu kideek

Brexit-a gauzatu arteko trantsitzio aldi bat negoziatzearen alde agertu dira estatu kideetako agintariak.

Juri Ratas Estoniako lehen ministroa, Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentea eta Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSLET, EFE
2017ko abenduaren 15a
17:38
Entzun

Brexit-aren bigarren negoziazio faseari heltzeko prest daude Europako Batasuneko estatuak. Hala adierazi dute gaur Erresuma Batuaren irteeraren ondoren, batasuneko kide izango diren 27 estatuetako agintariek. Negoziazioen bigarren aldiak Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko harremana zehaztu beharko du.

"Europako Batasuneko agintariek brexit-ari lotutako negoziazioen bigarren faseari ekitea adostu dute. Zorionak Theresa May lehen ministroari", adierazi du Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak.

Negoziazioen lehen fasean aztergai izan dituzte Erresuma Batuko eta Europako Batasuneko herritarren eskubideak, Irlandako mugan ezarri beharreko baldintzak eta finantza arauak.

Horrez gain, batasuneko estatuetako agintariak brexit-a gauzatu arteko trantsizio aldi bat negoziatzearen alde agertu dira. Trantsizio horretan Erresuma Batua ez litzateke Europako Batasuneko estatu kide izango, baina batasuneko araudia bete beharko luke. Aldi horren iraupena bi urtekoa izatea proposatu du Erresuma Batuak eta estatu kideetako agintariek proposamen hori "aintzat hartu" dutela adierazi dute.

"Urrats garrantzitsua"

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroaren esanetan, "urrats garrantzitsua" da Europako Batasuneko estatu kideen erabakia, brexit "antolatua" egin ahal izateko eta "etorkizuneko elkarlanerako". Haren esanetan, negoziazioen bigarren fasea "berehala" hasiko da. Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearen arabera, ordea, negoziazio horiek datorren urteko martxoan hasi beharko lirateke. Bi aldeek zehazteke dituzte elkarri aurkeztu nahi dizkieten proposamenak.

David Davis brexit-ari buruzko akordioa negoziatzeko ardura duen Erresuma Batuko ministroaren esanetan, "mugarria" ezarri du gaurko akordioak, "garapen nahikoa" lortu delako negoziazioen lehen fasean. Hala ere, ohartarazi duenez, "asko dago egiteko" oraindik.

May atsekabetuta agertu zen atzo, Erresuma Batuko Parlamentuak brexit-aren gaineko azken hitza izango duelako. Hala erabaki zuen parlamentuak herenegun, alderdi kontserbadoreko hamabi ordezkarik boto disziplina hautsi ostean. Erresuma Batuko Gobernuak ezin izango du brexit-ari buruzko akordiorik ezarri parlamentuaren baimenik ez badu.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.