Berez, tramite hutsa izan da gaurkoa. Egia da 27 estatu kideen babesa lortzea garaipena dela Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentearentzat, izan ere, Bruselan hainbeste maite duten elkartasun irudia erakutsi du. Horretarako azken oztopoa Espainia zen, eta hark atzo esan zuen akordioaren alde bozkatuko zuela.
Jarrera aldaketa Gibraltarri buruzko auzia bideratu izanak eragin zuen. Londresen idatzi batek askatu zuen korapiloa. Bertan Erresuma Batuko Gobernuak iragartzen zuen lurraldearen etorkizunari buruzko elkarrizketetan Madrilek ere hartuko zuela parte. Haren hitza, loteslea izan ez arren, nahikoa izan zen Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarentzat Tuski onespena emateko.
Europar Kontseiluko buruak berak eman du sare sozialetan baiezkoaren berri. "27ek bat egin dute Erresuma Batua Europatik irteteko eta etorkizuneko harremanei buruzko akordioarekin", idatzi du Twitterreko bere kontuan.
EU27 has endorsed the Withdrawal Agreement and Political Declaration on the future EU-UK relations.
— Donald Tusk (@eucopresident) 25 de noviembre de 2018
Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak, ordea, baztertu egin ditu ospakizun mezuak, eta nabarmendu du "tragikoa eta tristea" dela estatu kide batek Batasuna utzi nahi izatea.
Datorren urteko martxoaren 29an irtengo da Erresuma Batua EBtik. Aurrez, ordea, Londresek berretsi egin behar du brexit-ari buruzko hitzarmena. Bozketa abenduan dute egitekoa, baina baiezkoa ez da erabat zihurra. Izan ere, haren aurka daude laboristak, liberal demokratak, SNP, DUP eta Theresa May lehen ministroaren alderdikide ugari ere.