Europako Parlamentuak gaur arratsaldean berretsi du Erresuma Batua Europako Batasunetik irteteko akordioa. Beraz, ostiralean brexit-a gauzatzeko azken aurreko pausoa ere gainditu du Londresek. Azken pausoa bihar edo ostiralean emango dute EBn jarraituko duten 27 kideetako estatu eta gobernuburuek, Europar Kontseiluak gehiengo soilarekin akordioa berretsita. Era horretan, amaitutzat emango da hiru urte iraun duen negoziazio zikloa. Bi aldeen arteko etorkizuneko harremanak finkatu beharko dituzte gero Londresek eta Bruselak.
Gehiengo garbia nagusitu da Europako Parlamentuan. Izan ere, akordioaren aldeko 621 boto egon dira, aurkako 49, eta hamahiru abstentzio. Egungo banaketarekin egiten den azken saioa izan da Bruselan. Datorrenak 705 kide izango baititu, egungo 751 parlamentarien ordez. Erresuma Batuak hutsik utziko dituen 73 eserlekuetatik 46k hala jarraituko dute, eta 27 hamalau estatu kideren artean banatuko dira.