AZKEN ORDUKOA

'Brexit'-erako akordio bat erdietsi dute Erresuma Batuak eta Europako Batasunak

Jean-Claude Junckerrek jakinarazi du adostu dutela nola aterako den Erresuma Batua Batasunetik. Europako Kontseiluak berretsi behar du gaur edo bihar, eta Erresuma Batuko Parlamentuak, etzi.

Jean-Claude Juncker. OLIVIER HOSLET
2019ko urriaren 17a
14:15
Entzun

Urriaren 31ra arteko epea zuten Erresuma Batuak eta Europako Batasunak brexit-erako akordio bat adosteko, eta ozta-ozta lortu dute, azken orduan. Ez da luzapenik izango, beraz, eta Erresuma Batua Batasunetik aterako da. "Borondatea dagoenean, akordioa badago. Badugu bat!", argitaratu du Jean-Claude Junckerrek Twitterren.

Urriaren 31n amaitzen zen akordiorik gabeko brexit-a saihesteko epea. Akordioarekin, irteera gogorra saihestuko dute. Hala ere, akordioa Europako Kontseiluak eta Erresuma Batuko Parlamentuak onartu beharko dute. Europako agintariak gaur eta bihar egongo dira bilduta, eta Westminsterren larunbatean dute hitzordua.

Junckerrek, bere mezuan, akordioa babesteko eskatu dio Europako Kontseiluari. Haren ustez, "justua eta orekatua" da, eta agerian uzten du Europak irtenbideak bilatzeko konpromisoa duela. Azken egunetan, negoziazioak areagotu egin dira. Michel Barnier frantziarra izan du buru Europako Batasunaren ordezkaritzak. Beregan konfiantza osoa zutela diote albiste agentziek.

Akordiorako eragozpen nagusia Irlandaren banaketa izan da. Junckerrek Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteari helarazi dion gutunean dio Irlandari buruzko protokolo bat eta adierazpen politiko bat adostu dutela. Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak akordioa babesten duela jakinarazi dio Junckerri.

Europako Kontseiluak eta Erresuma Batuak akordioa berresten badute, Europako Batasuneko enbaxadoreek sinatuko dute igandean, eta, azkenik, Europako Parlamentuak berretsi beharko du datorren asteko saioan. Litekeena da asteazkenean ematea oniritzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.