Izenak banaka plazaratzeari utzi eta Panamako paperak bere osotasunean egingo dituzte publiko datorren maiatzaren 9an. Hala iragarri du dokumentuak eskuratu dituzten Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Partzuergoak eta Alemaniako Suddeutsche Zeitung egunkariak.
Erakundeak nabarmendu du "ezkutuko konpainien eta haien atzean dauden pertsonen inguruko historiako flitrazio handiena" izango dela. Izan ere, 11,5 milioi dokumentuetan mundu osoko 200.000 erakundea, kartel, fundazio eta funtsen izenak ageri dira, eta baita horien atzean dauden 140 politikari, kirolari edota zinemagilerenak ere.
Azkena agertu diren izenen artean, daude, esaterako, UCC Holding Japoniako kafegintza enpresa handienetako bateko presidente Gota Ueshima edota SoftBank telekomunikazio enpresa. Horien aurretik beste izen batzuk ere agertu dira dokumentuetan, besteak beste, Islandiako lehen ministro Sigmundur David Gunnlaugsson eta Espainiako Industria ministro Jose Manuel Soria. Biek ala biek dimisioa eman dute. Horietaz gain, badira gehiago ere: Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohia, Muammar Gadafi Libiako presidentea zena, Baxar al-Assad Siriako presidentea, Salman bin Abdulaziz Saudi Arabiako erregea, Petro Poroxenko Ukrainako presidentea edota Mauricio Macri Argentinako presidentea.