KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

'The New York Times': "Erreferenduma onartzea da Espainiak egin dezakeen onena"

Editorial batean adierazi duenez, Ameriketako Estatu Batuetako kazeta horrek uste du egokiena dela Espainiak Kataluniako independentzia erreferenduma onartzea eta galdeketan ezezkoak irabaztea.

2017ko ekainaren 24a
13:14
Entzun

Urriaren 1ean dira galdetzekoak Katalunia estatu independente izateko aukeraz. Espainiako Gobernuak esana du galarazi egingo duela erreferenduma, baina aurrera egiteko asmoa adierazi du Kataluniako Generalitateak.

Testuinguru horretan, erreferenduma babestu du The New York Times Ameriketako Estatu Batuetako egunkariak. Talde editorialak sinatutako artikulu batean, nabarmendu du Espainiak hobe lukeela erreferenduma onartu, eta katalanek ezezkoaren alde bozkatu, "Quebecen eta Eskozian bezala". Hedabidearen iritziz, hala egin ezean "Madrilen intransigentziak kataluniarren frustrazioak hauspotu besterik" ez du egingo.

Halaber, AEBetako egunkari horrek dio Espainiak "arrakasta handiagoarekin" apalduko lukeela independentziarako gogoa "etxea txukunduz gero" eta Kataluniari tratu ekonomiko hobea emanda: "Kataluniak Espainiako barne produktu gordinaren bostenaren ekarpena egiten du, baina Espainiako aurrekontuaren %9,5 baino ez du jasotzen". Hori horrela, The New York Times-ek uste du "lagungarria" litzatekeela "asmo onez" bi gobernuek negoziatzea "irtenbide politiko bat" bilatzeko, bide judizialetik jo beharrean.

Asteazkenean, Irish Times Irlandako egunkaria izan zen erreferendumaren aldeko editoriala argitaratu zuena: "Espainiar kontserbadoreentzat ez da beranduegi zeozer ikasteko britainiar kideengandik. Eskoziak erakusten duen bezala, mugimendu independentistekin engaiatzea askoz positiboagoa izan daiteke horiek blokeatzera mugatzea baino".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.