Aurtengo igoera, batetik, El Niño fenomenoak eragingo duela diote --Pazifikoan sortu eta mundu osoan eragiten du--, baina , bide batez, berotegi efektuaren ondorioz jazotzen ari den lurraren berotzearen gainean ohartarazi dute. Atmosferara jaurtitzen dugun oro igartzen du lurrak. «Berotegi efektua eragiten duten gasek berotu egiten dute; aerosolek, berriz, hoztu egiten dute», gogorarazi zuen atzo Chris Folland Hadley zentroko buruak, eta kliman desorekak saiheste aldera isuriak kontrolatu egin behar direla nabarmendu zuen.
Klimaren epeltzearen zantzuak ez dira berriak.Azken urteotan ugariak dira. Orain arteko urterik beroena, esaterako, 1998koa izan zen, eta iazkoa Erresuma Batuan 1914tik inoiz neurtu duten beroena izan zela jakinarazi dute. Izotza ere urtzen ari da poloetan. Bizkor. Iragan udazkena, halaber, epel joan da munduko bazter askotan, eta negua ere halatsu hasi da.
IRAGANEKO ALDAKETAK. Planetarentzat klima aldaketa ez da deus berria. Lehendik egona da guztiz izotzez estalia, edo klima arrunt beroak jasan ditu. Iragan urrun horri begira, ikerketa bat argitaratu zuen atzo Science aldizkariak. Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) Geologia irakasle Isabel Montañez ikertzaileak egina da. Orain 300 milioi urteko glaziaziotik orain 40 milioi urteko aro berora trantsizioa zer-nolakoa zen aztertu du, eta iraganari begira, hein batean, gerorako ikasbideak atera ditu.
Atmosferako dioxido karbonoak --berotegi efektua eragiten du-- orduan ere, orain bezala, aldaketetan eragin zuzena izan zuela gogorarazi du. Eta inoiz zientzialariek aldaketa hori apurka-apurka gertatu zela adierazi badute ere, uste horren kontra azaldu da Montañez. «Trantsizioa aldaketa bortitzen bidez gertatu zen, egoera oso beroetatik oso hotzetara eginez». Orain ere klima aldaketa «gora-behera handien» bidez etor daitekeela esan du.
ZenbakieTan
0,52
Batez bestekoarekiko tenperatura igoeretan azken marka 1998an lortutakoa zen;1961-1990 epeko batez bestekoa baino 0,52 altuagoa izan zen urte hartako batez bestekoa. Itxura guztien arabera, gutxi itxaron beharko da, ordea, marka gainditzeko. Hamabi hilabete.%60
Egin duten aurreikuspena gertatzeko arriskua %60koa dela esan dute. «Probabilitate gehiago daude gertatzeko, ez gertatzeko baino», eman du aditzera ikerketan parte hartu duen Chris Folland ikertzaileak. Aurreko urteetako aurreikuspenetan oso fin ibili izan ohi dira.50
Aurreikuspena egiteko iragan 50 urteotako datuak aztertu dituztela jakinarazi dute ikertzaileek, eta horien gorabeheretan oinarritu direla. Behin eta berriz aztertutako lana izan dela esan dute: «Hilabetez-hilabetez elikatuz joan gara».'El Niño',
aurten berriro abianPazifikoko mendebaldean sortzen da 'El Niño' fenomenoa; kliman ondorio zuzena izaten du, eta, diotenez, aurten, nabarmena izango da
a.i.
El Niño fenomenoa Pazifikoko mendebaldean hasi eta ozeanoaren ekialdera eta iparraldera zabaltzen da; itsaso gaineko uren ezohiko epeltzea eragiten du, eta ondoren ur epel horiek ur hotzaren ibilbidea trabatzen dute. Horren ondorioz, euriteen eskualdea aldatu egiten da. Eta muturreko fenomenoak eragiten ditu sarritan mundu zabalean; bero boladak zenbait lekutan, eta beste batzuetan, lehorteak. 2-7 urtean behin gertatzen den fenomenoa da, ziklo zehatzik gabea. Aurten fenomenoa martxan da, eta datozen sei hilabeteotan segituko duela uste da.
Nahiko samurra izango dela diote zenbait adituk, ondorio bortitzik gabea, baina tenperatura igoeran eragin zuzena izango duela aurreikusi dute Erresuma Batuko Hadley zentroko adituek.
GABONETAN.Peruko garai bateko arrantzaleek jarri zioten izena--Niño Jesus-- ,Gabonetako garai inguruan agertzen delako beti. Arrantzan eragina izaten zuelako erreparatu zioten beraiek fenomenoari, eta poliki-poliki kliman duen eragina aztertzen ari dira meteorologoak. Gero eta zehatzago. Baina lausoekin oraindik.