Gaur bezalako egun batean hasi zen AEBetako pasarte lazgarrienetakoa, eta oraindik ez da amaitu. Gaur omenaldi berezia egin diete irailaren 11ko biktima guztiei, zero gunean eraikitako oroigarrian. Han hildako lagunen izenak irakurri dituzte, eta hildakoaren omenez lore eskaintza egin. AEBek beren herrialdean inoiz jasandako eraso handiena ikertu duen batzordearen arabera, 2.937 lagun zendu ziren 2001eko irailaren 11n, hemeretzi erasotzaileak barne. 2.773 Dorre Bikietan hil ziren, 125 Pentagonoan eta 256 bahitutako lau hegazkinetan.
Eta heriotzak ez dira hor hamaitu. Azken 11 urteetan, egun horretan larrialdi zerbitzuekin lanean ibilitako eta gerora zero gunean aritu diren ehundaka langile hil direla salatu dute hainbat elkartek. Ondorioak jasaten ari diren langileak babesteko asmoz sortutako elkarteen ustez, herrialde osoan mila lagun zendu dira atentatuekin lotutako gaixotasunen ondorioz; zero gunean aritu diren 20.000 langile artatu dituzte osasun arazoengatik eta 40.000 lagun World Trade Center izeneko osasun programaren barruan daude.
110 pisuko dorreak lurrera erortzean, milaka tona altzairu, porlan, kristal eta amianto jauzi ziren. Milaka plastiko eta erregai litrok su hartu zuten, atmosferara minbizia eragiten duten milaka substantzia askatuz. Nancy Carbone Friends of Firefighters (Suhiltzaileen lagunak) gobernuz kanpoko erakundeko zuzendariaren esanetan, "martxan dagoen epidemia bat da". John Feal FealGood fundazioko zuzendariak jakinarazi duenez, azkeneko zazpi asteetan hiru polizia, bi suhiltzaile eta zero guneko eraikuntza sektoreko langile bat hil dira minbiziak jota edo arnas egiteko arazoak medio. Gobernuak, oraingoz, 2.100 milioi euro bideratu ditu kalteordainetara, baina diru laguntzak handitzea eta zerrendara minbizia mota gehiago gehitzea espero dute biktimek.
Bitartean, zero gunearen berreraikuntza lanak geldituta daude, gatazka politikoak eta milaka dolarreko gehiegizko kostuen ondorioz. Proiektuak 10.000 milioi euro inguruko gastua izango zuela kalkulatzen zuten, eta jada 12.000 milioi euroko gastua eragin du. Museoa eraikitzeko lanek aurrera egin ezinik daude. One World Trade Center dorrea ia bukatuta dago; 2014an irekitzea aurreikusten dute. Larry Silverstein negozio gizona bulego dorre bat eraikitzen ari da bertan, eta aurki egongo da bukatuta.