Haitiko lurrikararen gordintasuna erakusten dute zenbakiek: 111.481 hil direla egiaztatuta dago, eta Gobernuak uste du gaur gauerako 150.000 izango direla; hildakoetatik 75.000, hobi komunetan lurperatuta; 193.891 lagun, zaurituta; 11.000 etxebizitza suntsituta, 32.321 kaltetuta; milioi eta erdi lagun, etxerik gabe; eta 610.000 haitiar, behin-behineko 500 kanpalekutan. Gurera ekarrita, Barakaldoko (Bizkaia) herritar guztiak baino hildako gehiago, Donostiakoak baino zauritu gehiago eta Arabako eta Bizkaiko herritar guztiak etxerik gabe. Haitiko Babes Zibilerako Zuzendaritza Nagusiak atzo eman zituen behin-behineko azken zenbaketaren datuak.
Orain artean 132 lagun atera dituzte Port-au-Prince hiriburuko hondakinen artetik bizirik, baina jende gehiago bizirik aurkitzeko itxaropena desagertu da. Hala ere, Haitiko Gobernuko ordezkariek ukatu egin dute bilaketa lanak bertan behera uzteko agindu dutela. Zehaztu du Mexikoko eta Dominikar Errepublikako salbamendu taldeak oraindik lanean ari direla.
Izan ere,Elizabeth Byrs NBE Nazio Batuen Erakundeko bozeramaileak atzo esan zuen bilaketa lanak bertan behera uztea erabaki zutela herenegun, lurrikara gertatu eta hamar egunera. Onartu zuen erabakia «urragarria» dela, baina esan zuen adituen aholkuei jarraituz hartu zutela.
Haitiarrek kanpaleku bihurtu dituzte Port-au-Princeko eremu irekiak -plazak, lorategiak eta patioak-, ez dutelako beste lekurik edo lurrikara gehiagoren beldur direlako. Richter eskalan 7 graduko indarra zuen erreplika bat izan zen asteazkenean, eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak ohartarazi du datozen 30 egunetan arrisku handia dagoela urtarrilaren 12ko lurrikararen erreplikak gertatzeko, Richter eskalan 5 gradu artekoak direnak edo bortitzagoak.
Bi kanpaleku eraikitzen
Behin-behineko kanpalekuek asko zailtzen dute laguntza herritarrengana iristea. Haitiko Gobernuak bi kanpaleku handitan sartu nahi ditu etxerik gabe geratu diren milaka herritarrak. Baina oraindik ez ditu eraiki. Rene Preval Haitiko presidentearen esanetan, hasi dira kanpadendak jartzen hiriburuaren inguruko auzoetan eta Jacmen eta Leogane hirietan.
Askok ihes egin dute Port-au-Princetik. 130.000 lagunek erabili dituzte Haitiko Gobernuak Port-au-Princetik kanpora joateko autobusak. Haitiko Nekazaritza Ministerioak uste du milioi bat herritar inguru joango direla hiriburutik landa eremuetara. Haitiarren erdiak bizi dira han, egunean dolar batekin baino gutxiagorekin, FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen esanetan.
NBEk premiazko diru eskaria egin zien herrialdeei, Haiti laguntzeko. Eskatutako 575 milioi dolarretik 241 jaso direla zehaztu du OCHAk, NBEko Giza Laguntza Koordinatzeko Bulegoak.
Haitirako laguntza urria eta makala da. Ez lurrikararen ostekoa bakarrik, baita lurrikararen aurrekoa ere. Iazko apirilean, Diru Emaileen Konferentzia egin zuten Washingtonen, urakanek eta ekaitz tropikalek Haitin eragindako kalteak konpontzen laguntzeko. Herrialdeek 350 milioi euro agindu zituzten. Sei hilabete geroago, Bill Clinton NBEren Haitirako ordezkari bereziak salatu zuen herrialde gehienek ez zutela bete agindutakoa.
Agindutako laguntzarik ez
Clintonen salaketarekin bat dator Miguel Angel Herrero, Intermon Oxfam gobernuz kanpoko erakundearen Erdialdeko Amerikako eta Karibeko Lankidetza koordinatzailea: «Urtero edo bi urtean behin egiten da konferentzia bat Haiti laguntzeko, baina eskarmentuak erakutsi digu diru emaileek beti ez dutela betetzen emandako hitza, eta kopuruak eskasak direla». Kasu batzuetan, eskatutakoaren %30 baino gutxiago biltzen da.
Bihar egingo dute Haitiri buruzko nazioarteko konferentzia, Montrealen (Kanada). Konferentziaren epe laburreko helburua giza laguntza hobeto koordinatzea da. Hala zehaztu zuen atzo Lawrence Cannon Kanadako Atzerri ministroak. Ikusteko dago ea Montrealen hurrengo goi bilera baterako urratsak egiten dituzten Haiti berreraikitzeko Marshall Plan bat onartzeko.
111.500 hil, 194.000 zauritu
Nazio Batuen Erakundeak esan du bertan behera utzi dituztela salbamenduak, baina Haitiko Gobernuak ukatu egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu