Azken orduetako atentatu eta eraso oldearen ondoren, Bonbay ez da oraindik bere onera etorri, eta Poliziak azaldu du orain arte 119 lagun hil direla eta 315 zauritu. Hildakoen artetik 97 Indiako zibilak dira, hamalau poliziak eta zortzi atzerritarrak. Zaurituak, berriz, 269 Indiako zibilak dira, 24 poliziak eta 22 atzerritarrak.
Iturri ofizialen arabera, Taj eta Oberoi hoteletara soldaduak eta polizia indarrez sartu ziren atzo, eta borroketan dabiltza bi leku horietan gotortutako erasotzaileekin. Julen Garamendi Espainiaren Indiako Enbaxadako merkatu aztertzaileak Bonbaytik bertatik Euskadi Irratian agertu duenez, han bertan zabaldu diren azken berrien arabera Taj hotela dagoeneko mendean hartua zuten polizia eta soldaduek, baina Oberoin oraindik borroketan jarraitzen zuten. Etxerako deia ezarrita dago Bombay erdialdean, eta oraindik nabarmenak dira beldurra eta kezka herritarren artean. Deccan Mujaideen talde armatuak hartu ditu erasoak bere gain.
Nazioarteko albiste agentziek zabaldu dutenez mendebaldeko atzerritarren bila ibili dira erasotzaileak atentatuak egin dituzten hotel, jatetxe eta garraio geltokietan. Besteak beste, aipatutako Taj eta Oberoi hotelei, Victoria Terminus tren geltokiari eta hainbat jatetxe eta tabernari eraso diete. Poliziak emandako azalpenen arabera, ekintzaileak itsasontzietan iritsi dira Indiako Atera, eta handik abiatu dira esandako guneak erasotzeko. Suzko armak eta granadak erabili dituzte, besteak beste.
Besteak beste, Euskal Herriko senar-emazteko bikote bat -Karmelo Bilboa eta Jaione Antxutegi- Bonbayn harrapatu ditu erasoaldiak eta parking batean gordeta egon behar izan du. Indian bisitan zen eurodiputatu talde batek, berriz, bete-betean bizi izan du erasoaldia baina dagoeneko denak onik atera direla eta Frantziako enbaxadan salbu direla agertu du gaur goizean Ignasi Guardans CiUko eurodiputatu katalanak. Esperanza Aguirre PPko buruzagi eta Madrilgo erkidegoko presidentea ere bete-betean harrapatu dute erasoek, eta une larria igaro duen arren, onik atera da hura eta Espainia da dagoeneko.
Euskal Herrian atzo arratsaldeko seiak zirenean hasi ziren erasoak. Armak eskuetan zituzten hainbat lagunek hiriko hegoaldeko polizia etxeari eraso zioten, eta dozenaka hildako eragin. Handik gutxira, berriz, egunotan turistaz beteta dauden bi hoteletan sartu ziren: Taj Majal eta Oberoi.
Izua eta nahasmena
"Terroristek arma automatikoak eta granadak zituzten eta ate guztiak itxi zizkiguten. Jatetxean sartu eta eskuak altxatzeko agindu ziguten", azaldu zuen Alex Chamberlainek, jatetxeko langileak. Haren esanetan, gazteak ziren erasotzaileak, «22 eta 23 urte artekoak», eta britainiar eta estatubatuarrei zuzendu zitzaizkien. "Gazte italiar batek italieraz hitz egin zien eta joaten utzi zioten", zioen Chamberlainek. Bahituak eskaileretatik gora igotzera behartu zituztenean ihes egin zuen berak.
Indian atentatu ugari izan ohi dira azken urteetan, baina atzokoa bizi zutenek ukatu zuten aurrekoen antzekoa izan zela. "Oso egoera arraroa zen. Ez ziren zer gertatuko zitzaien beldur; ez ziren hilko zituzten beldur", zioen Paresh Parihar Bonbayko enpresari batek. AEBetako Estatu Departamentuko eledun Robert Wood, aldiz, ikerketa abian dutela esatera mugatu zen.
India
119 lagun hil dira Bonbayn, Poliziaren arabera
Etxeratzeko deia ezarri dute, eta borrokak gertatzen ari dira atentatu egileen eta soldaduen artean. Atzerritarren aterbe izaten diren hotel, jatetxe eta garraio geltokiak izan dituzte jomuga. Eurodiputatu talde bat bete-betean harrapatu du erasoetako batek. Euskal Herriko senar-emazte bikote bat ere Bonbayn harrapatu du erasoaldiak. Egoera "gerrakoa" dela agertu dute Indiako agintariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu