Indiako 12 polizia hil dituzte gaur iparraldean, Jharkhand eskualdean. Haiek zeramatzan ibilgailua igarotzean bonba bat leherrarazi dute ekintzaile batzuek, ustez gerrillari maoistek.
Madhusudan Bari poliziak PTI berri agentziari jakinarazi dionez, Singhbhum barrutia patruilatzen ari zirela gertatu zen erasoa.
Barruti hori gerrillari maoisten ekinleku nagusietako bat da. Atzo beste sei polizia hil zituzten antzeko eraso batean, Indiako erdialdeko Chattisgarh estatuan.
Indiako maoistei naxaldar deitzen diete, Bengala estatuko Naxalbari herritik hartutako izena. Hain justu, herri horretan matxinada indartsua piztu zen 1967an, Txinako agintari Mao Ze-Dongek komunismoaren irakurketan oinarrituta.
Gaur egun gerrillari komunista maoistak Indiako dozena bat estatutan ekiten dute, eta Indiako polizia nahiz soldaduen kontra eraso franko egiten dituzte. New Delhik "erakunde terroristatzat" jotzen du gerrilla maoista, baina hauek herrialdearen ekialdean eta erdialdean estatu independente bat eratu nahi dute, komunismo maoista oinarritzat.
Mundua
12 polizia hil dituzte Indian, ustez gerrillari maoistek
Erasoa iparraldean gertatu da, Jharkhand eskualdean, eta poliziak zeramatzan ibilgailua igarotzean bonba bat leherrarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu