Egipto

120 hildako eta 4.500 zauritu zenbatu dituzte Anaia Musulmanek atzoko protestetan

Polizia manifestari islamisten aurka tiroka hasi eta "sarraskia" eragin duela salatu dute kargugabetutako presidente Mursiren aldekoek. Gobernuak ukatu egin du, eta Osasun ministerioak 38 hildako berretsi ditu. Segurtasun Nazionaleko Kontseilua datozen orduetan batzartuko da istiluak argitzeko.

2013ko uztailaren 27a
18:41
Entzun

Kargugabetutako presidente Mursiren aldeko zein kontrakoen protestek odolez bete dituzte Kairo eta Alexandriako kaleak. Anaia Musulmanek salatu dutenez, polizia tiroka hasi zaie manifestari islamistei, eta hasiera batean gutxienez 200 hildako eragin dituztela esan badute ere, orain 120 ingurura jaitsi dute zenbateko hori. Horietatik 66 hilda leudeke, eta 61 "klinikoki hilda". Anaia Musulmanek euren webgunean argitaratu dutenez, ospitaletik jaso dituzten zifrak dira horiek: hildako gehienek buruan, lepoan eta bularrean zituzten tiroak. Gobernuak ukatu egin du, eta Anaia Musulmanek perdigoi tiroak bota eta hiriko zubi nagusia blokeatzen saiatu direla esan du. Istiluak argitzeko, Segurtasun Nazionaleko Kontseilua datozen orduetan batzartuko da.  Osasun Ministerioak, oraingoz, 60 hildako eta 180 zauritu berretsi ditu. Zaurituak 4.500 direla ziurtatu dute Anaia Musulmanek, eta horietatik 700 balaz zauritu dituztela baieztatu dute.

Mursiren aldekoak zein aurkakoak mobilizatzera deituta zeuden atzo: Anaia Musulmanen ustez, "gerra zibilerako deia" egin zuen Egiptoko armadak. Anaia Musulmanen arabera, goizean goiz eraso zion Poliziak Rabea al-Adauiya inguruari: kanpalekua antolatua dute islamistek bertan. Segurtasun zerbitzuek Eferi baieztatu dionez, kargugabetutako presidentearen aldekoak Urriaren 6ko zubia blokeatzen saiatu zirenean hasi ziren istiluak. Ustez, poliziek hori egin ez zezaten ohartarazi zituen Mursiren jarraitzaileak: negar gasak bota zizkien Poliziak, eta islamistek harriak eta perdigoi tiroekin erantzun zieten.

Horrez gain, Alexandrian, Al-Qaed Ibrahim meskitaren inguruan, beste zazpi pertsona hil eta 250 zauritu ziren, Anaia Musulmanen arabera. Osasun Ministerioak, berriz, baieztatu du bost hil eta 147 zauritu zirela. 

Europako Batasunak, bestalde, Kairon piztu den azken idarkeria katea deitoratu du, eta Mursi presidente ohia askatzeko eskatu dio Egiptori, haren aurka aurkeztutako karguek ez dutelako "irtenbide baketsu bat bultzatzen".  

Agintariak kanpaldiak desegiteko prestatzen ari dira

Egiptoko barne ministro Mohamed Ibrahimek adierazi duenez, agintariak "prestatzen ari dira" kargugabetutako presidente Mursiren aldekoen kanpaldaldak "desegiteko". "Protesta biekin bukatzeko lanetan ari gara. Mementu eta modu egokiena bilatzen ari gara. Ez dut esango bihar izango denik, baina laster gertatuko da", iragarri du Ibrahimek El Cairon emandako prentsaurrekoan. 

Barne ministroak jakitera eman duenez, Mursi, 2011n kargugabetu zuten Hosni Mubarak presidente ohia dagoen espetxe berean atxikiko dute "ziurrenik". Kairo inguruetan dago Torah espetxea, eta bertan jarraitzen dute giltzaperatuta Mubarakek, haren semeek eta erregimen zaharreko beste goi kargu batzuek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.