Tibeteko Ngaba eskualdeko Kirti monasterioan, 15 urteko monje batek su eman dio bere buruari, bertako berri agentziek jakinarazi dutenez. Aspaldian halako ekintza ugari egin dituzte tibetarrek Txinaren okupazioa salatzeko.
Lobsang Lozin gazteak monastegian otoi egiteko erabiltzen duten gelaren sarreran eman dio su bere buruari, eta Txinako bulegorantz abiatu da oinez, sutan, bidean zendu den arte.
Giza eskubideen babeserako erakundeek salatu dute inmolazioaren ostean Txinako armadako soldadu ugari bertaratu direla monastegi inguruetara, baina monje tibetarrek sarrera itxi dietela. Erakundeak sortu daitezkeen "liskarren" beldur dira.
Izan ere, aurretik borroka ugari gertatu dira eremu horretan. Iaz fraide batek bere buruari su eman ostean, tentsioak areagotu eta Txinako militarrek monasterioa inguratu zuten. Erantzun gisa, monasterioaren aurrean elkartzen hasi ziren ehunka tibetar apirilaren erdialdera, poliziek fraideak monasteriotik eraman ez zitzaten. Garbiketa, ordea, izugarria izan zen; bost hilabetean ehunka fraidez betetako kamioiak atera zituzten monasteriotik.
Kirti monasterioa eremuko handienetarikoa da, eta 300 monje inguru daude bertan. Martxoan egoitza horretan bertan, beste bi monjek su eman zioten euren buruari. 2009tik egundaino 45 fraide eta moja tibetarrek beren burua erre dute protesta gisa, Txinako errepresioa salatu eta Dalai Lama erbestetik itzultzeko eskatzeko.
Militarrek monasterioa hartu baino lehen 4.000 fraide bizi ziren Kirtin. 2008ko udaberriko altxamenduaz geroztik, Tibet osoan behera egin du nabarmen fraide eta moja kopuruak, eta joera hori agerikoa da Ngaba eskualdean.
Txinaren errepresio bortitzak aterabide gutxi uzten die tibetarrei, eta bereziki fraide eta mojei: erbestea edo berreziketa aberkoia — Txinako Alderdi Komunistarekiko leialtasuna zin egitea —. Kartzela, behartutako desagerpena eta heriotza dira beste aukerak. Pekinek 1949an Tibet indarrez bereganatu zuenetik, guztiz debekatuta daude bertako kultura, hizkuntza eta erlijioa, besteak beste.