Estua izan da kontaketa, baina hasieratik nabarmendu den joera nagusitu da. Ciutadansek irabazi ditu hauteskundeak garaipen historiko batekin. Eserlekuetan eta botoetan Ines Arrimadasen alderdia erraz gailendu da, eta milioi bat botoren langa gaindituta, JPC bigarren indarrari ia 100.000 botoren aldea atera dio. Boto kopuruan, ordea, nabarmentzekoa da alderdi independentistek bi milioi botoren langa gainditu dutela.
37 eserleku eskuratu ditu Ciutadansek. 25 zituen aurreko legegintzaldian, eta gorakada handia izan du, baina, hala ere, unionisten blokeak ez dio gain hartu independentistenari. PSCk diputatu bat gehiago izango du (17), baina PP 11tik hirura jaitsi da. Espainiako Gobernuan den alderdiaren hondamendiaren ondorioz, unionistak gehiengo bat osatu ezin geratuko dira Parlamentuan eta Arrimadasek ziurrenik oposizioari dagozkion eserlekuetan hartu beharko du lekua legebiltzarrean.
Unionistek lehen baino boto gehiago izango dituzte legebiltzarrean, baina. 52 eserleku zituzten lehen eta 57 dituzte orain.
JPC, ERCren aurretik
Iragarpenek ziotenaren kontra, Junts per Catek ERCk baino babes handiagoa lortu du, eta alderdi independentisten hegemonia izaten jarraituko du. 34 eserleku eskuratu ditu Carles Puigdemont buru duen zerrendak, eta 32, Oriol Junquerasenak. Elkarrekin 66 batzen dituzte, eta ezin esan daiteke horregatik estrategia txarra izan denik norbera bere aldetik aurkeztuta. Juns pel Sik 62 zituen aurreko legegintzaldian.
Oraingo 66 horiei CUPekin lortutako lauak gehituz gero 70 diputatu izango dituzte urriaren 27an independentzia deklaratu zuten alderdiek Kataluniako Parlamentuan; gehiengo osoari eutsiko diote, beraz. Nolanahi ere, lehengoa baino ordezkaritza txikiagoa izango dute legebiltzarrean, izan ere, 72 batzen zituzten lehen CUPek 2015ean eskuratu zituen hamar diputatuei esker.
CUPek galera handia izan du. Ia botoen erdiak galdu ditu, eta eserlekuei begiratuta, erdia baino gehiago: 10 zituen lehen, eta lau ditu orain. Halatsu gertatu zaio PPri ere: 11 zituen lehen eta hiru ditu orain. Catalunya en Comun Podemek 8 eserleku eskuratu ditu, eta lehen Catalunia Si Que Es pot-ek 11 zituen.