CUP negoziaketak egitearen alde dago, baina uste du negoziaketak egiteko ezinbestekoa dela Espainiak Katalunia subjektu politiko gisara onartzea. Hori independentzia deklaratuta bakarrik gerta daitekeela uste du. Horregatik, Espainiak 155. artikulua aplikatu aurretik indepedentzia deklaratzeko eskatu dio Generalitateari. "Autodefentsarako instrumentua" litzateke, Benet Salellas diputatuaren arabera.
CUPen ustez, Kataluniako Legebiltzarrari egiteko gelditzen zaion bakarra independentzia deklaratzea da, eta estatu gisa eratzen hastea. Gaur 15:30ean bozeramaileen batzordea elkartzekoa da, hurrengo osoko bilkurako gai ordena erabakitzeko. Bilkura hori monografikoa izatea nahi du CUPek, eta independentzia aldarrikatzeko baliatzea.
Sergi Sabria ERCko kideak alderdiaren zuzendaritzaren bileraren ostean hitz egin du. Ez du argi esan, baina ulertzera eman du ez daudela CUPen eskaera betetzearen alde. Puigdemontek emandako bi hilabeteko epea ontzat jo baitu. Nolanahi ere, bere papera ezinbestekoa dela jakinarazi dio CUPi, eta Legebiltzarretik ez joateko eskatu dio: "Ez dezagula gehiengoa galdu". Independentismoari indarra ematen diona batasuna dela uste du, eta ERCk ez duela hura galtzerik nahi azpimarratu ostean, argi utzi du CUPekin elkarlanean jarraitzeko ahal duten guztia egingo dutela.