BBC kateak eta Telegraph-ek zabaldu dutenez, berriz hasi dira istiluak Erresuma Batuan. Oraingoan, Manchester eta New Bromwich dira kaltetutako hiriak; gaur arte ez zen erasorik izan bi horietan.
BBCk azaldu duenaren arabera, West Bromwichen (Birminghametik gertu) 200 gazte inguruk hainbat erakusleihori eraso egin die. Telegraph-ek esan du Manchesterren 70 gazte inguru merkatal gune batera sartu eta lapurtzen hasi direla. Bertako poliziak, ordea, garrantzia kendu dio gertatutakoari; "20 gazte izan dira, adreilu bat bota dute eta poliziak uxatu egin ditu", esan dute.
Larunbatean Erresuma Batuan kale istiluak hasi zirenetik lehen laguna hil da gaur: 26 urteko mutil bat. Poliziak esan duenez, tiro bat jaso zuen atzo Londresen, Croydon auzoan, auto batean, eta gaur zendu da. Scotland Yardek dio ez dakiela zer dela-eta egin zioten tiro, ezta nork egin zion ere.
Larunbatean Londresen hasi ziren liskarrak, Tottenham auzoan. Poliziak aurreko egunetan gazte bat tiroka hil zuela salatzeko protesta egun zuten hainbat eta hainbat herritarrek orduan, baina "gehiegizko bortizkeria" izan zen azkenerako, Poliziak esan zuenez.
Londresen ez ezik, Birmingham, Liverpool, Manchester, Nottingham, Leeds edota Bristolera ere zabaldu dira liskarrak. Poliziak dagoeneko 400 lagun pasa atxilotu ditu.
Erresuma Batuko Gobernuko iturrien arabera, ordea, azken egunetan gertatu ari diren liskar guztiek ez dute kutsu politikorik, lapurretak egitek osoilik antolatzen dira.
Krisi kabinetearen bilera egin dute
Erresuma Batuko Gobernuak krisi kabinetearen bilera egin du gaur, eta batzarraren ondoren David Cameron lehen ministroak agerraldian esan du "egin behar den guztia" egingo dutela Londresko eta gainerako hirietako egoera bere onera ekartzeko. Parlamentuak oporraldia etengo du egun batez eta ostegunean bilduko dira egoeraz eztabaidatzeko. Cameronek iragarri du 16.000 polizia ibiliko direla gaur gauean Londresko kaleetan, "delinkuentzia argia" diren istiluak geldiarazteko.
Lehen ministroak elkartasuna adierazi die etxea edo negozioa kaltetuta ikusi duten lagunei, baita "liskarren erruz beldurrez" diren herritarrei ere. Istiluak sortzen ari direnei esan die legearen "indar osoa" ezagutuko dutela. Asko hitz egin da liskarrak eragiten ari direnen adinaz eta, polizia iturrien arabera, 14-20 urte bitarteko gazteak dira gehienak.
Uztailaren bukaeratik Toscanan (Italia) zegoen Cameron oporretako egun batzuk pasatzen, baina Erresuma Batuko kale liskarrak direla-eta Londresera itzuli egin behar izan du bart.
Hedabideetako komentaristen artean armada kalera ateratzeko eskaera zabaltzen ari da, baina Barne ministro Theresa Mayk aukera hori baztertu du, baita urezko kanoiak erabiltzearena ere. Scotland Yardek esan du "hurbileko historian" gogoratzen diren liskarrik larrienak direla. Larritasun horren ondorioz etxeratze agindua ezartzearen aldeko jarrerak agertzen hasi dira. Dianne Abbott diputatu laboristak BBCri eskainitako elkarrizketa batean adierazi du armada kalera ateratzea edo urezko kanoiak erabiltzea egoera okertzeko soilik liratekeela; "ez dira liskar politikoak, lapurretak dira; egin behar dena etxeratze agindua ezartzea da".
Herritarrek babes handiagoa eskatzen dute
Iskanbilak gertatzen ari diren eremuetako herritarrak kexu dira, Poliziak ustez ez dielako behar duten babesa eskaintzen. Suhiltzaileen jarrera ere salatu dute. Herritarren esanetan, suhiltzaileak ez dira liskarren eremura hurbiltzen, "euren lana segurtasunez egin dezaketela ziur dakiten artean; horrek esan nahi du iristen direnerako kaltea jada egina dagoela, sua oso zabaldua egoten dela, eta egin dezaketen bakarra itzaltzen saiatzea da".
Birminghamen, besteak beste, protestagileek su eman diote polizia etxe bati, eta Manchesterren auto ugari kaltetu dituzte.
#riotcleanup, txikizioak txukuntzeko herritar taldeak
Poliziaren ezintasuna ikusita, komertzioetako jabe askok pertsonalki zaindu dituzte beren negozioak. Makilak edo defentsarako edozein elementu eskutan harturik elkar lagundu dira beren negozioak erasotzaileengandik babesteko.
Herritarrek liskarren arazoan eskuhartzeko erabakia hartu dute, beraz, ez ordea negozioen defentsarako soilik, baita hirien txukunketa lanetarako ere. Liskarrek eragindako txikizioak txukundu asmoz auzolanean antolatzen hasi dira herritarrak, horretarako webgune bat eta Twitterren #riotcleanuphashtag-a ere sortu dutelarik.
Webguneak garbiketa lanetan aritzeko gomendioak ematen ditu, zein material hartzea komeni den edo zer nolako jarrera eduki behar den, esate baterako. Horretaz gain, jadanik antolatuta dauden garbitze-taldeak aipatzen ditu eta beste bat sortzeko aukera eskaintzen du.