FSLN Nazio Askapenerako Fronte Sandinistako buruzagi Daniel Ortegak Nikaraguako presidente kargua hartuko du gaur. Lehenago ere kargu horren jabe izana da Ortega, 1979tik 1990era, iraultza sandinistaren ondoren. Agintealdi hartan, besteak beste, AEBen blokeo ekonomikoari eta Washingtonek finantzatutako contra gerrillari aurre egin behar izan zion. 1990eko hauteskundeak Violeta Chamorro kontserbadoreak irabazi zituen, eta Ortegak kargua galdu.
Harrezkero izan diren presidenteek ez dute asmatu NIkaraguaren egoera bere onera eramaten, eta pobrezian murgiltzen jarraitu dute. Arestian aipatu bezala, Latinoamerikako bigarren herrialderik behartsuena da egun Nikaragua, Haitiren ondoren.
Herrialdea bezala, FSLN eta Daniel Ortega bera ere aldatu egin dira urte horietan guztietan. Hala, sandinisten artean zatiketak izan dira, eta Ortegaren lerroaren iraultzaren sena galdu izana egotzi diote. Ortegaren beraren diskurtsua leundu egin da, eta, esaterako, aurreko Gobernuak -Enrique Bolaños kontserbadorearenak- abiatutako Konstituzioaren erreformak burutuko dituela agindu du.
Nazioarteko ordezkaritza handia espero da Ortegaren kargu hartzean.
Mundua
17 urteren ondoren, Nikaraguako presidente kargua hartuko du berriz Ortegak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu