KATALUNIAKO LEGEBILTZARRERAKO BOZAK

170.000 botoen borroka

martxelo otamendi
2003ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Zer egin behar du gaurko hauteskundeetan Generalitateko hurrengo presidentea abertzalea izatea nahi duen ERCko betiko botoemaile batek? CIUko hautagaiari, Masi, boto eman».

Gustu txarreko txistea izan liteke, baina ERCko oinezko ez militante asko kezka horrekin oheratu ziren atzo gauean.«Eta zer egin behar du gaurko hauteskundeetan Generalitateko hurrengo presidentea CIUkoa izan ez dadin nahi duen ERCko betiko botoemaile batek? PSCren hautagaiari, Maragalli, botoa eman».Horrek ere txiste txarra ematen du, seguru aski, aurrenekoa baino gaiztoagoa; baina kezka horrekin jaiki da gaur goizean bat baino gehiago ERC gustoko dutenen artean.«Nork emango dio botoa orduan ERCri?», galdetu beharko genuke.ERCk badaki bera dela bihartik aurrera Kataluniako politikaren arbitroa izateko aukera gehien daukana, ez ordea guztiak, baina bai gehien. Baina arbitro izate horrek, ordea, txistegaiak adierazten duen moduan, kalte egin diezaioke Caroden alderdiari, erdibituta baitauka alderdiaren oinarri soziologikoa: erdiak PSCrekin osatu nahiko luke gobernua, beste erdiak CIUrekin. Eta aliatuarentzako boto utila bataiatu beharko genukeen botoak lehentasuna har lezake milaka erctarrengan erabakia hartzeko orduan. Zein da orduan, argudioa oraindik gehiago bihurrituz, «aliatuarentzako boto utila» bi talde horien atean errazen emateko prest dagoena, Maragall lehenesten duena, edo Mas nahiago duena? ERCko abertzaleak, Mas txarretan onena jotzen dutenak, sutsuagoak dira alderdiko ezkertiarrak, Maragall nahiago dutenak, direna baino. ERCn dena dira abertzaleak eta ezkertiarrak, baina, etxe guztietan gertatzen den legez, ez neurri berean.Kultura, hizkuntza, irakaskuntza eta komunikazioa bezalako esparruetan mugitzen direnek osatzen dute abertzaleen taldea. Urteetan ezkerreko alderdietan, auzo elkarteetan, politika sozialetan, sindikalgintzanibili eta denborarekin abertzaletu direnek, osatzen dute ezkertiarrena. Abertzaleen lehen helburua «president espainiar» bati ateak ixtea da, eta bidebatez CIU jokabide abertzaleagoak edukitzera behartu. Ezkertiarrek, aitzitik, ezkerreko politika egitera eraman nahi dute Maragall; eta bide batez, PSC alderdian kontraesanak sortuz, jokabide abertzaleagora.

Gaur gauean kontaketa bukatu arte ezin izango da jakin, baina baliteke CIU+ERC formula ez iristea gehiengoa osatzera, hau da, 68 eserleku bereganatzera, Sauraren ICVk ez duelako bat egingo egitasmo horrekin. Horrek ez luke, automatikoki, eragotziko gobernua osatzeko aukera, egoera horretan jardun baitu Pujolen azken gobernuak, PPrekin legegintzaldi ituna osatuta. Baina 1999an CIUk 200.000 boto galdu zituen aurrekoarekin alderatuta. Boto galdu horretan zentratu du Masek kanpaina, ez boto berrian.ERCk gaurko hauteskundeetan lortuko du Parlament-erako azken bi hamarkadetako emaitzik onenak eta aurrerantzean erekostako zaio gaur baino hobeak lortzea; izan ere ezker independentistaren barruan abiatu den eztabaida-prozesuak erakundetze emaitzak ematen badituCaroden alderdiak galdu egingo du soziologia idependentziazale horrek, beste aukerarik ezean, eman ohi dizkion botoetako asko. Aski etorkizuneko ERC ahultzeko.

Nor irabazle?

Duela lau urteko hauteskundeetan Maragallek Pujolek baino boto gehiago bildu zituen (1.183.299 lehenak, eta 1.178.420 CIUkoak), baina hauteskunde legeak eskualdeak, Bartzelonaren kaltetan, saritzean Pujolek 56 parlamentario lortu zituen eta Maragallek 52.

Pujol enblematikoak baino boto gehiago lortu bazituen Maragallek duela lau urte, pentsatzeko da gaur gauean kalkulagailuak hautagai sozialistari ematea garaipena. Inork ez zuen baieztapen hori dudatan jartzen duela sei hilabete, ez analistek ezta ere inkestek. Baina A-16 hurbildu ahala Mas bien arteko aldea jaten joan da astetik astera, ia Maragallen parera iritsi arte. Azken aldiko progresioa ikusita, kanpainak bi aste gehiago iraun balu Masek gainditu egingo zukeen Maragall, kanpaina hasi aurretik ere ezer egin behar izan gabe oso aurrikuspena onak zituena. Baina duela lau urte bezala, boto gehiago jasotze hutsak ez dio Maragalli garaipena emango. Nork deituko dio, orduan, nori gaur gauean zorionak emateko? Besteak baino 170.000 boto gutxiago jasotzen duenak; hori baita CIUk, hauteskunde legearen aplikazioaren ondorioz, duen koltxoia. Balio beza hauteskunde lege horren garrantzia adierazteko ondoko anekdotak. Artikulu hau katalanezko El NOU kirol egunkariaren erredakzioko ordenagailu batean idazten ari naizen bitartean, ondoko mahaian dagoen erredaktore batek hauxe esan dio telefonoaren beste aldean dagoenari: «Bartzelonan bizi naiz, baina Lleidan bozkatzen segitzen dut, badakizu han boto batek gehiago balio duela Bartzelonan baino». Nori ez dio kazetari horrek botoa emango gaur?Beste aldagai bat gaur gauerako: Pique. Espainiako ministro ohiaren hautagaitzak kalte inori egitekotan Maragalli egingo dio, CIUren aurkako boto espainiarra bildu egin izan duelako PPren hautagai kaskarrengatik. PPk 800.000 boto lortu zituen Katalunian Espainiako 2000ko bozetan, baina Parlament-erakoetan urtebete lehenago 297.265 besterik ez. Piqueren emaitza onak kalte egingo dio PSCri, eta mesede azken lau urteotan Katalunian eta Espainian izan duen CIU aliatuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.