GAZAREN KONTRAKO ERASOA

18.000 palestinarrek utzi dute etxea, Israelek lurreko erasoa hasi ondoren

Israelgo armadak luzatu egingo du lurreko operazioa.

2014ko uztailaren 18a
11:44
Entzun

Bost orduko su-eten "humanitarioa" amaituta, Israelek areagotu egin ditu Gazako erasoak. Atzo goizean eman zuten menia, baina gogortu egin dira erasoak bart iluntzetik. Gutxienez 57 palestinar hil dituzte lurreko erasoetan. Jawad Awad Palestinako Osasun ministroak jakinarazi du Beit Lahiako erietxeari eraso egin diola Israelek eta laurehun ume daudela bertan.

Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak emandako datuen arabera, 18.000 palestinarrek utzi dute etxea gaur, Israelek lurreko erasoa hasi eta gero. Chris Gunness laguntza bulegoko bozeramaileak azaldu duenez, bulegoak kudeatutako eskoletan hartu dute ostatu horietako askok. Azaldu duenez, orain arte 22.000 palestinarrek jo dute haiengana etxetik ihes eginda, eta gaur ia bikoiztu egin da kopurua.

Israelgo armadak luzatu egingo du atzo arratsaldean Gazaren kontra abiatutako lurreko operazioa, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak jakinarazi duenez: "Ez dugu %100eko ziurtasunik arrakasta lortzeko, baina ahal dugun guztia egiten ari gara".

Netanyahuk Hamasi egotzi dio zibil palestinarrak hil izanaren errua: "Israelgo armada beste inor baino moralagoa da. Zibilei eginiko kaltearen erantzukizuna Hamasena eta soilik Hamasena da, zibilak giza ezkutu gisa erabiltzeagatik".

Gutxienez 278 dira jada Israelek uztailaren 8an Hegi babesgarria operazioa hasi zuenetik hildako palestinarrak; horietatik 50, haurrak eta adingabeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.