192 hildako eta 1.400 zauritu baino gehiago

Eider Goenaga Lizaso.
2004ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Atentatu odoltsua egin zuten atzo Madrilen, Espainiako hiriburura zihoazen lau trenetan 10 lehergailu zartarazita. Hasieran pentsatzen ez zen tamaina hartu zuen erasoak, eta arratsaldeko azken ordurako kopurua izutzekoa zen. 192 lagun hil ziren eta Madrilgo ospitaleetan 1.400 zauritu baino gehiago artatu zituzten. Atentatuak goizeko lehen orduan egin zituzten, 07:39 eta 07:42 artean, eta lehen ordutan kaosak hartu zuen Madril. 21:00etan jakin zen Al Kaeda inguruko talde batek bere gain hartu zuela Madrilgo atentatua.

Lau trenetan jarri zituzten lehergailuak, eta hiru geltoki ezberdinetan zartarazi zituzten. Lehenengo biak Atochako geltokian Ðbat geltokiaren barruan eta bestea kilometro bateraÐ lehertarazi zituzten. Ikerketa lanetan jardun zuten iturri judizialek esan zutenez, launa lehergailu jarri zituzten tren bakoitzean; baina, Atochako trenean hiru baino ez ziren lehertu. Atochatik kilometro eskasera, Tellez kalearen parean lehertutako trenean, lau lehergailu zartarazi zituzten. Atocha barrukoan, gutxienez, 34 lagun hil ziren eta 63 Tellez kale parean gertatutakoan.Ez ziren bi minutu pasa beste geltoki batean leherketa gertatu arte. 07:41ean El Pozo de Tio Raimundo geltokian beste tren batean jarritako bi lehergailu zartarazi zituzten. Bertan izan ziren hildako gehien: gutxienez 67. Azken leherketa Vallecas auzoko Santa Eugenia geltokian gertatu zen. Lehergailu bakarra jarri zuten, eta 16 lagun hil. Lau trenetan, beraz, 10 lehergailu zartarazi zituzten. Aipatzekoa da lau tren horietako hiru geltoki beretik atera zirela, Alcala de Henaresetik, eta laugarrenak Guadalajaran abiatu zuela bere ibilbidea. Bestalde, izan ziren leherketa gehiago ere. Izan ere, poliziak hiru leherketa kontrolatu egin zituzten atentatua gertatu eta bi ordu ingurura: Atochan bi eta beste bat El Pozo del Tio Raimundo geltokian.

Egiletza

Sarraskiaren egiletzak ez zuen duda izpirik sortu Madrilen, eta ETAri egotzi zioten atentatua hasiera-hasieratik komunikabide, agintari eta bestelakoek. Arnaldo Otegi Batasuneko mahaikidea izan zen egilea ETA ez zela esan zuen bakarra, beste batzuk ÐEA, Aralar eta AB, kasuÐ ez zuten hipotesirik baztertu, eta gehienek ETAri egotzi zioten. Hala egin zuen Angel Acebes Barne ministroak ere, eta «dudarik gabe», gainera.

Arratsaldeko 20:30ak inguru arte bigarren hipotesi bat egon zitekeenik ere ez zuten aipatu. Angel Acebesek, baina, Koranaren grabazio bat eta zazpi detonadore aurkitu zituztela-eta, hipotesi eta ikerketa bide guztiak zabalik zirela adierazi zuen, komunikabideen aurrean. Alcala de Henaresen lapurtutako furgoneta bat miatu zutela jakinarazi zuen Acebesek, eta bertan aurkitu zuten grabazioa. Beraz, ETAren egiletza ikertzen jarraitzen zutela nabarmendu arren, beste ikerketa ildoak ere bazirela adierazi zuen. Acebesek bere agerraldia bukatu eta 20 minutu eskas pasa zirenean, Al Kaeda inguruko taldeak Londresko Al Quds al Arabi astekariari igorritako gutun baten berri jakin zen. Gutun horretan Madrilgo atentatua bere gain hartu zuen erakundeak. «Hau Islamaren kontrako gerran amerikarren aliatu den Espainiarekin, gurutzatuarekin, dugun aspaldiko zorraren zati bat da», dio gutunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.