AEB Ameriketako Estatu Batuetako Inteligentzia Agentzia Zentral CIAk jakinarazi du datorren astean 1953-1975 aroko ehunka dokumentu sekretu agerian utziko dituela. Aro historiko korapilotsua izan zen; Sobietar Batasun ohiaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko lehiakortasuna puri-purian zegoen, Vietnamen gerra latza izan zen, eta 1968ko maiatzak Parisen mundu berri bat loratu nahi izan zuen. Dokumentuak, jazoera horien guztien --eta beste askoren-- lekukotza argia dira.
«Amerikarrei erakutsi nahi diegu zer egin dugun beraien izenean», eman du aditzera CIAko zuzendari Michael Haydenek. «Dokumentu horietako asko ja agertu dira prentsan, eta batzuek CIA ez dute batere leku onean jartzen», aitortu du. «Baina CIAren historia da». 11.000 orriri kenduko diete sekretua. Hilketak egiteko planak, espioitza saioak, bahiketak, eta talde ezkertiarrei egindako jarraipenak dira, besteak beste, bertan zerrendatuta dauden jazoerak. Herritar ororen esku egongo dira, Segurtasun Nazionalerako Artxibategian.
GUANTANAMOREN ETORKIZUNAZ.Atzo AP Associated Press informazio agentziak publiko egindako informazioaren arabera, George Bush AEBetako presidentea eta haren gertuko kolaboratzaileak Guantanamoko presondegia ixtea aztertzen ari dira, eta atzo bertan gaiari buruz eztabaidatzeko bilera zuten. Etxe Zuriak, ordea, ukatu egin du hori. Gorgon Johndroe bozeramaileak onartu du inoiz edo behin egin izan direla auzi horri buruzko bilerak, baina azalduz orain, momentuz, ez dagoela atxiloketa zentroa ixteko asmorik.
NBE Nazio Batuen Erakundeak eta beste erakunde askok maiz eskatu dute Guantanamo ixteko. Bertan atxilotutako pertsonei giza eskubideak urratu zaizkiela salatu dute. 400 lagun inguruk segitzen dute, ordea, preso han.
Asteazkenean, AEBetako Defentsa Departamendu Pentagonoak eraso zibernetiko baten ondorioz 1.500 ordenagailu itzali egin behar izan zituen. Egunak behar izan dituzte sistema osoa bere onera ekartzeko.
1953-1973. urte arteko dokumentu sekretuak agerian utziko ditu CIAk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu