Ali Abdala Sale Yemengo presidentea datorren urtean parlamenturako hauteskundeen ondoren agintea uzteko prest dagoela esan du bere aholkulari batek. 32 urte daramatza Salehk presidente karguan, eta orain lekukoa nork hartuko duen jakin gabe ez duela utzi nahi gaineratu du.
"Sale presidenteak esan du legebiltzarrerako hauteskundeak deituz utziko duela boterea, aurten urte amaieran edo 2012. urtearen hasieran", esan du Ahmde al Sufik, presidentearen prentsa idazkariak. "Berak ez du boterean mantendu nahi, baina ez du utzi nahi nork hartuko duen jakin gabe".
Atzo zenbait militar buruk demokrazia eskatzen ari diren protestagileekin bat egin zuten, eta horiei ere zuzendu zaie Salehren aholkularia. Gerra zibila piztu dezaketela ohartarazi die, eta boterea kolpe baten bidez lortu nahi izateak ezegonkortasuna sortuko lukeela esan du.
"Ondo hausnartu beharko lukete zer egiten duten. Gerra zibil oso odoltsua izango litzateke". Herrialdea desegiteko arriskua ere badela esan du Al Sufik, eta hiru zatitan banatu nahi dutela adierazi du.