AZKEN ORDUKOA

2017ko irailean erreferenduma egiteko, konfiantza botoa eskatu dio Puigdemontek parlamentuari

Legealdia amaitzeko konfiantza botoa eskatu dio Carlos Puigdemontek Kataluniako Parlamentuari. Trukean, hitz eman du uztailerako prest izango dituztela Estatua sortzeko legeak, eta horren ondoren berretsiko dituztela erreferendum bidez.

Puigdemont, Parlamentuan bere konfiantza mozioan. TONI ALBIR, EFE
Samara Velte.
2016ko irailaren 28a
07:35
Entzun

Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak jarri du jada erreferendum bat egiteko data. Datorren urtean irailean bigarren hamabostaldian egingo du, alegia, diadaren ostean, baldin eta Kataluniako Parlamentuan konfiantza mozioa gainditzen badu. Hala bada, esan du Espainiaren babesa izan edo ez izan egingo dutela. Presidenteak azaldu du Espainiarekin adostu nahiko lukeela, baina posible ez bada, berdin egingo dutela. Konfiantza mozioan iragarri du noiz egin nahi duen erreferenduma, eta CUPek babesa adierazi dio. Bihar bozkatuko dute konfiantza mozioa.

“Erreferenduma, ala erreferenduma”. Hala amaituko da legealdi hau urtebete barru, baldin eta Kataluniako Parlamentuak Puigdemonti gobernatzen jarraitzen uzten badio. Presidenteak konfiantza botoa eskatu die diputatuei, “independentziara arteko konfiantza-kate bat”, eta agindu die trukean burura eramango dituela iazko irailaren 27ko bozetatik sortutako gobernuaren helburuak: estatua eratzeko egiturak sortzea, eta haiek berresteko erreferenduma onartzea.

Tratuak, baina, badu beste klausula bat ere: “Ondo gobernatu ahal izateko, aurrekontu bat behar dugu”. Eta horretan CUPek lagun diezaioke datozen asteotan. Alderdi antikapitalistak uko egin zion gobernuaren aurreko proposamenari ekainean, eta horrek bultzatu zuen presidentea konfiantza mozioa deitzera. Ahoan bilorik gabe mintzatu zaie orain urtarrilean gobernura eraman zuten diputatuei: “Aurrekontua onartzeko asmorik ez daukanak ez diezagula denbora galarazi, eta ez diezadala konfiantza botorik eman”.

Diputatuek bihar bozkatuko dute proposamenaren alde edo aurka. Azken uneko ezustekorik ezean, Puigdemontek aise gaindituko du mozioa, CUPek jada iragarri baitu gobernua babestuko duela. Anna Gabriel diputatuak ñabardurarik gabeko balorazioa egin du presidentearen hitzaldiaren ostean: “Erabateko sintoniarekin gaude berekin, 'Erreferenduma, ala erreferenduma' izango dugula iragarri duenez gero”. Baita horrek aurrekontua onartzea esan nahi badu ere: “Presidenteak esan du 'ondo gobernatzeko' behar duela aurrekontua. Guretzat, 'ondo gobernatzea' gehiengoaren eskaera betetzea da, eta horrek ere esan nahi du 'erreferenduma ala erreferenduma'”.

Iazko hauteskunde plebiszitarioetatik urtebete eta egun batera aurkeztu da Puigdemont parlamentuaren aurrean babes eske. Hauteskunde haietan, independentziaren aldeko indarrek –Junts Pel Si koalizioak eta CUPek– 72 diputatu eskuratu zituzten 135eko ganberan, botoen %48rekin. Presidentearen aburuz, ordea, handiagoa da erreferendumaren alde dagoen sektorea, Catalunya Si Que Es Pot ere batuz: “Herri honetan %60k babesten dute adostutako erreferendum bat. Espainian ba ote dago erronka historiko eta beharrezko horri eusteko konpromisoa daukan inor?”.

Iragarri duenez, Kataluniako Gobernua “azken egunera arte” saiatuko da Madrilekin adostutako bozketa bat antolatzen: “Baina legealdiaren amaierara iristen bagara eta ez badago erantzun positiborik, prest egongo gara Kataluniaren independentzia aldarrikatu aurreko azken eskailera-maila igotzeko”. Erreferendumera euren kabuz deitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.