Europako Batzordeak energiaren inguruko politika berria proposatu die EB Europako Batasuneko estatuei. Bi kezka nagusik eragin dute proposamena: batetik, karbono gasen isurketak ingurumenean eta klimaren aldaketan duen eraginaren kezkak, eta, bestetik, Europaren menpekotasun energetikoarenak. Egunotan bigarren hori areagotu egin da, Errusia eta Bielorrusiaren arteko liskarraren ondorioz Europa mendebalderako gas horniketa trabatu dutenean.
Bi kezka horiek ardatz hartuta hainbat proposamen egin dituzte, baina, funtsean, energia iturri berriztagarrien eta karbono gasen isurketarik eragiten ez dutenen aldeko apostua, eta Europa hornitzen duten iturrien dibertsifikazioa nagusitu dira.
Helburu zehatzak proposatu dituzte. Besteak beste, honakoak:
-2020rako klima aldaketan eragina duten gasen isurketa %20 murriztea.
-2020rako energia kontsumoaren efizientzia %20 hobetzea.
-2020rako kontsumoaren %20 energia iturri berriztagarriekin hornitzea.
-2020rako bioerregaien erabilera %10ekoa izatea.
Nuklearrak
Energia nuklearraren gaian "neutral" jarraitzea erabaki du Europako Batzordeak, baina hala ere ohar esanguratsua egin du: energia nuklearraren murrizketak gas kaltegarrien isurketa areagotuko lukeela ohartarazi du. EBko estatuen artean zentral nuklearrak murriztearen aldekoak dira batzuk, eta ekoizpen mota horren aldekoak bestetzuk.
Proposamen horiek guztiak martxoan eztabaidatuko dituzte EBko ministroek.
Mundua
2020rako energiaren kontsumoaren %20 iturri berriztagarriekin hornitzea proposatu du EBk
Europaren energia menpekotasunarekin eta gas isurketek ingurumenean eragiten duten kaltearekin arduratuta, "proposamen iraultzailea" egin du Europako Batzordeak. Nuklearren murrizketa ez du hobetsi, gas isurketa areagotuko lukeela iritzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu