2024: hauteskundeen urtea

Aurten inoiz baino boz gehiago egingo dituzte urte berean, 70 inguru; besteak beste, AEBetan, EBn, Errusian, Hegoafrikan, Indian eta Taiwanen. Munduko herritarren ia erdiek izango dute botoa emateko aukera.

2024 hauteskundeak
Besteak beste, Joe Bidenek (AEB), Vladimir Putinek (Errusia), Ursula von der Leyenek (Europako Batzordea) eta Narendra Modik (India) beste agintaldi bat egin nahi dute. BERRIA
ander perez zala
2024ko urtarrilaren 6a
05:00
Entzun

Gerrak, gatazkak, lehiak eta zatiketak ugaritu egin diren honetan, 2024a mugarri bat bilakatu liteke mundu mailako joerei dagokionez. Hauteskundeen urtea da, bai kopuruei dagokionez, baita horiek izango duten garrantzia aintzat hartuta ere: 70 boz inguru egingo dituzte, herritarren ia erdiek —4.000 milioi lagun inguru— izango dute botoa emateko aukera, eta emaitzek nazioarteko harremanak norabide batera edo bestera bideratuko dituzte. Eta ondorioak datozen urteetan nabarituko dira, ez soilik aurten.

Errusiaren Ukrainako inbasioak, eta Israelgo armadaren eta Gazako milizia palestinarren arteko gerrak, zeinak oihartzun handia izan duen Ekialde Hurbilean, sekulako eragina izan dute nazioartean; AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren arteko lehia, gainera, handitu egin da, Mendebaldea nagusi duen ordena aldatzen ari denean; testuinguru horretan izango dute botoa emateko aukera mila milioika herritarrek, dela presidentea aukeratzeko, dela parlamentua berritzeko.

Eta AEBetako presidentetzarako hauteskundeen urtea izanik, horrek hartuko du, zalantzarik gabe, arretarik handiena. Alderdi Demokratak eta Alderdi Errepublikanoak hil honetan hasiko dute primarioen prozesu luzea, eta, berez, Joe Bidenek eta Donald Trumpek izan beharko lukete, hurrenez hurren, horien presidentegaiak datorren azaroaren 5ean. 2020ko lehia errepikatuko litzateke, hortaz; behintzat, auzitegiek presidente ohiaren (2017-2021) hautagaitza blokeatzen ez badute —91 delitu leporatu dizkiote—.

AEBetan, Trumpi 91 delitu leporatu dizkiote, eta auzitegiek erabakiko dute ea aurkeztu ahal den

Bidenek bigarrenez jarraian irabazteak, berez, ez luke aldaketa handirik ekarriko berekin datozen urteei begira. Aldiz, Trumpen balizko garaipenak bestelako agertoki bat finkatuko luke, eta bestelako pausoak emango lituzke migrazioaren, atzerriko gerren eta harremanen, abortuaren eta klima larrialdiaren aferetan —horiek izan daitezke kanpainako gaietako batzuk—, esaterako. Baina ez hori bakarrik: AEBetako presidente ohiak hilabeteotan iradoki du gobernatzeko modu autokratiko baten aldekoa dela; hori ere badago jokoan aurtengo bozetan.

Herrialde horrekin zeharka lotuta, urteko lehen hauteskunde esanguratsuak Taiwango presidentetzarakoak eta parlamenturakoak izango dira. Datorren larunbatean egingo dituzte, eta emaitzek ondorio geopolitiko handiak eragingo dituzte, uhartearen egoera AEBen eta Txinaren arteko lehia politiko eta militarraren adibiderik handiena bilakatu baita. DPP Alderdi Demokratiko Progresista faboritoa da hirugarrenez jarraian irabazteko; hala gertatuz gero, Washingtonekiko harremana are gehiago indartzearen alde egingo luke datozen urteetan.

Pekinek, noski, ez du halakorik nahi, eta Xi Jinping herrialde horretako presidenteak esana du Txina elkartu nahi duela; hau da, Txinako Herri Errepublikak eta Txinako Errepublikak —uhartearen izen ofiziala da— bat egitea nahi duela. Ikusteko dago, hori bai, hitzez harago, noraino joateko asmoa duen Xik afera horretan, eta, batez ere, nola egingo lukeen hori. Inbasioaren mehatxua handitu egin da urteotan, eta horrek pisu handia izango du Taiwango herritarren hautuan; zer esanik ez Ukrainan eta Gazan gertatzen ari dena ikusirik.

hauteskundeetako batzuk:

  • Urtarrilaren 13a. Taiwango presidentetzarako eta parlamenturako bozak. 
  • Otsailaren 4a. El Salvadorko presidentetzarako eta parlamenturako bozak.
  • Otsailaren 7a. Azerbaijango presidentetzarako bozak.
  • Martxoaren 1a. Irango Parlamenturako bozak.
  • Martxoaren 10a. Portugalgo Parlamenturako bozak.
  • Martxoaren 17a. Errusiako presidentetzarako bozak.
  • Apirilaren 10a. Hego Koreako Parlamenturako bozak.
  • Ekainaren 2a. Mexikoko presidentetzarako eta Kongresurako bozak.
  • Ekainaren 6tik 9ra. Europako Parlamenturako bozak.
  • Ekainaren 9a. Belgikako Parlamenturako bozak.
  • Azaroaren 5a. AEBetako presidentetzarako eta Ordezkarien Ganberarako bozak.

Beste potentzia bati dagokionez, Errusiak piztuko du arreta urteko hirugarren hilabetean, datorren martxoaren 17an presidentetzarako bozak egingo baitituzte herrialde horretan —eremua aintzat hartuta, munduko zabalena da—. Berez, Vladimir Putinen aroa aurten amaitzekoa zen —2012tik da estatuburu, eta, aurrez, 2000-2008 bitartean—, baina, 2020an egindako konstituzioaren erreforma bati esker, berriz aurkeztu ahalko da; bosgarren aldia izango da.

Ez dira aldaketarik espero boz horietan, eta Putinek bere agintea sendotzeko baliatuko ditu. Galdera bakarra da Ukrainako gerrak zer eragin izango duen boto emaileengan, eta horiek nola erreakzionatuko duten kanpainan eta bozketa egunean bertan. Ukrainan 2022an anexionaturiko lurraldeetan —Donetsken, Luhansken, Zaporizhian eta Khersonen— ere botoa eman ahalko dute; hori da, behintzat, Errusiako Hauteskunde Batzordearen asmoa, iragan hilabetean adierazi zuenez. Afera horri buruzkoa ere izango baita hauteskundea, Putinek horien bidez ere eman nahi baitio zilegitasuna Ukraina inbaditzeko erabakiari.

Herrialde bizilagun horretan ere aurreikusita daude estatuburua aukeratzeko bozak datorren martxorako, baina gerra legea indarrean dagoen bitartean ezin dute halako bozketarik egin. Hortaz, azken orduko ezustekorik ezean, badirudi atzeratuko egingo dituztela, nahiz eta Volodimir Zelenskiren agintaldia hil horren 31n amaitzen den.

Eskuin muturra Europako Parlamentuan

Bloke komertzialik handienean ere bozak izango dituzte aurten, datorren ekainaren 6tik 9ra, EB Europako Batasuneko herritarrek Europako Parlamentuko eurodiputatuak aukeratuko baitituzte. Aurreko bozak, 2019koak, mugarri izan ziren, lehen aldiz gehiengo osoa galdu baitzuen EAP Europako Alderdi Popularrak eta SEA Sozialista Europarren Alderdiak osaturiko bipartidismoak; aurten, berriz, arreta eskuin muturrekoen eta alderdi ultrakontserbadoreen balizko gorakadan dago jarria, batez ere.

2019tik hona asko aldatu da EBko estatu kideen egoera. Italian eskuin muturreko eta eskuineko alderdiek osaturiko koalizio bat dago agintean, Giorgia Meloni ultraeskuindarra buru duena; Frantzian, Marine Le Pen eskuin muturreko agintaria inoiz baino gertuago egon zen 2022an presidentetzara iristetik; eta Herbehereetan, PVV Askatasunaren Aldeko Alderdia lehen aldiz gailendu zen Ordezkarien Ganberarako bozetan, iragan azaroan —gobernua osatzeko negoziatzen ari da—. Gainera, Alemaniako inkestetan inoizko babesik handiena jasotzen ari da AfD Alemaniarentzako Alternatiba —bigarrena litzateke—, Austrian lehen indarra izango litzateke FPO Austriako Askatasun Alderdia, eta Belgikan, VB Interes Flandriarra —bozak egingo dituzte ekainaren 9an ere—.

Eskuin muturrekoen gorakada bat espero da, hortaz, Europako Parlamenturako hauteskundeetan. Ez, ordea, orain arteko orekak hausteko modukoa; sorpresarik handiena hirugarren postuan gerta liteke, ultraeskuinekoen ID Identitatea eta Demokrazia taldeak Renew talde liberala gailentzea lortuko balu. Kasu horretan, EBko erakundeetan postu garrantzitsu bat eska lezakete, lehen aldiz; adibidez, Europako Batzordeko komisario karguren bat. Hogei alderdi ultrakontserbadore eta ultraeskuindar —FdI Italiako Anaiak eta Poloniako PiS Legea eta Justizia, adibidez— biltzen dituen ECR Europar Kontserbadore Erreformistak taldeak ere gora egingo luke ordezkaritza kopuruan, inkesten arabera.

Modik hirugarren agintaldia bete nahi du Indiako lehen ministro karguan; oposizioko 28 alderdi INDIA aliantzan elkartu dira, hori eragozteko.

Europako Parlamenturako bozetan 400 milioi herritar inguruk izango dute botoa emateko aukera. Kopuru esanguratsua den arren, ez da handiena, Indiak izango baitu hautesle erroldarik zabalena, 879 milioi pertsonakoa, behin-behineko datuen arabera. Oraindik ez dute egunik jakinarazi Herriaren Ganberarako hauteskundeetarako, baina espero da apirilaren eta maiatzaren artean izatea.

Herrialde horretan, Narendra Modi nazionalista hinduak hirugarren agintaldia bete nahi du lehen ministro karguan —2014tik dago agintean—, eta, horretarako, BJP Bharatiya Janata alderdiak aulkien gehiengo osoari eustea izango da modurik errazena. Lehiakide handi bat izango du aurten: oposizioko 28 alderdik koalizio bat eratzea erabaki zuten, INDIA Indiako Garapen Aliantza Inklusibo Nazionala izenekoa, eta BJPren garaipena eragoztea du helburu. Argudiatzen dute urteotan Modik gobernatzeko modu autoritarioa izan duela, eta gutxiengoen kontrakoa; batez ere, musulmanen aurkakoa.

Hautesle errolda deigarriaz harago, Indiako hauteskundeen emaitzak arreta handiz aztertuko dituzte munduan, herrialde hori geroz eta pisu handiagoa lortzen ari baita nazioartean, eta, batez ere, geopolitikoki, AEBen aliatu gisa Txinaren aurka.

Mexikon, lehen aldiz, emakumezko estatuburua

Latinoamerikan, hamar bat hauteskunde egingo dituzte aurten; tartean, presidentetzarakoak eta parlamenturakoak El Salvadorren —datorren otsailaren 4an— eta estatuburua aukeratzekoak Venezuelan —uztail eta abendua bitartean—. Bi horiekin batera, Mexikoko bozek izango dute protagonismoa, lehen aldiz emakumezko estatuburu bat aukeratuko baitute.

Herrialde horretan, printzipioz, lehia bi presidentegairen artekoa izango da: Claudia Sheinbaum —agintean dagoen Morena Nazioa Onbideratzeko Mugimendua alderdikoa— eta Xochitl Galvez —Indarra eta Bihotza Mexikoren Alde oposizioko koaliziokoa—. Andres Manuel Lopez Obrador egungo presidentea ezin da berriz aurkeztu, eta, beraz, datorren ekainaren 2ko hauteskunde horiek haren agintaldiari buruzkoak izango dira, zeharka. Herritarrek erabaki beharko dute, hortaz, bere neurrietan sakontzen jarraitu nahi duten, Sheinbaum aukeratuta.

Hegoafrikan, baliteke ANCk gehiengo osoa galtzea, boterean 30 urte beteko dituen honetan.

Afrikan ere botoa emateko aukera izango dute zenbait herrialdetan. Halere, horietako batek eta, batez ere, alderdi baten emaitzek emango dute arreta: Hegoafrikako Asanblea Nazionalean ANC Afrikako Kongresu Nazionalak jasoko duen babesa.

Inkesten arabera, 1994az geroztik lehen aldiz, ANCk botoen %50 baino gutxiago bilduko ditu, eta bere burua behartuta ikusiko du koalizio gobernu bat osatzera. Datorren apiril amaieran 30 urte beteko ditu agintean alderdi horrek, eta hamarkadotako ibilbide luzearen ondorioak jasaten ari da dagoeneko; besteak beste, ustelkeria kasuak izan ditu, eta barne gatazkak lidergoei buruz. Herrialdearen egoeraren kasuan, badituzte arazo handiak: kasurik ezagunenak krimenak eta langabezia tasa handiak dira, esaterako.

Edonola ere, badirudi ANCk aukera izango duela EFF Askatasun Ekonomikorako Borrokalaria alderdiarekin aliantza bat osatzeko, aulkien gehiengo osoa galduko balu. Beste aro bat hasiko litzateke orduan Hegoafrikan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.