Indarkeria handitzen ari da Afganistanen osteguneko hauteskundeak gerturatu ahala. Gaur bost atentatu izan dira herrialdean.
Eraso horietako bat atzerriko tropen aurkakoa izan da eta hamar lagun hil dira. Zaurituak 50 izan daitezke gutxienez. NATOren iturriek adierazi dutenez, "soldaduak, nahiz bertako zibilak hil dira". Izan ere, erasotu duten konboiaren atzean zibilez beteriko autoak zeuden. Azken datuen arabera, zazpi zibil afganiar, ISAF nazioarteko indarren misioko soldadu bat eta Nazio Batuen Erakundearentzat lan egiten duten bi langile afganiar hil dira.
Herrialdeko erdialdean dagoen Uruzgan probintzian bestalde, hautesleku bat erasotu dute. Bertan hiru soldadu eta bi zibil zendu dira. Lekukoen arabera, erasotzailea oinez gerturatu da eraikinera eta bonba, ingurua zaintzen ari ziren soldaduen ondoan lehertarazi du.
Herrialdearen ekialdean, atentatu batean ISAFeko beste bi soldadu hil direla jakinarazi dute bertako agintariek. Ez dute zehaztu, ordea, non izan den erasoa eta iparraldean, Badajshan probintzian hiru funtzionario eta haien auto gidaria hil zendu dira, autoa bonba baten aurka jo denean.
Atzo gauean, gainera Kabulgo Presidentearen Jauregia erasotu dute ekintzaile batzuek bi kohete jaurtita. Kalte materialak besterik ez dituzte eragin.
Ostegunean ospatuko dira Afganistanen hauteskundeak. Talibanak agintetik kanpo daudenetik bigarren hauteskundeak izango dira eta Hamid Karzai egungo estatuburua eta Abdula Abdula Atzerri ministro ohia dira faborito nagusiak. Talibanek bozei boikota egitera deitu dute.
mundua
21 lagun hil dira Afganistanen izandako atentatu ezberdinetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu