Gutxienez 21 lagun hil dituzte gaur Ameriketako Estatu Batuek (AEB) Pakistanen, bi hegazkinekin Ipar Waziristanen erasoa eginda. Hildakoen artean hiru emakumezko eta bost haur daude, bertako iturrien arabera.
AEBek esan dute Mir Ali herriko etxe bat izan dela euren helburua, ekintzaileek han babes hartzen dutelakoan. Lau misilek jo dute eraikina.
Antzeko eraso ugari egin izan dute estatubatuarrek Ipar Waziristanen azkenaldian, Al Kaedako kideak daudela iritzita, baina gidatu gabeko hegazkinen ekintzek kritikak jaso dituzte Pakistanen, zibil asko hiltzen direlako.