211.000 milioi euro

Afrikan gatazka armatuek eragin duten kostu ekonomikoa aztertu dute lehen aldiz Gobernuz Kanpoko Erakundeek.

2007ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Gerrak, indarkeria, gosetea, gaixotasunak edo pobrezia dela medio Afrika odolustu egin da hamarkada luzeetan. Hondamendia hildakotan zenbatu daiteke, suntsitutako herrialdetan, zapaldutako herritarretan... baina baita dirutan ere: Afrikako gatazka armatuek kontinentearen garapen ekonomikoan eragin duen kostu ekonomikoa 211.000 milioi eurokoa izan da. Horixe da GKE Gobernuz Kanpoko erakunde talde batek argitaratu duen txostenak emandako datua. Honekin, lehendabiziko aldia da indarkeriaren ondorioak dirutan zenbaten direna.

Afrikan galdutako milaka milioi izenburupean, gatazkak sortutako kostu ekonomikoa, kanpotik emandako diru laguntzei esker jasotako diru kopuruarekin parekatzen du txostenak. Biak antzeko mailan daudela ondorioztatzen du, gainera. Helburu nagusia, herrialdeka, Afrikako estatu bakoitzean gatazka armatuak eragin duen kostu erlatiboa azaltzea da, herrialde bakoitzak lortu duen BPG Barne Produktu Gordinaren arabera.

Txostenak adierazten duenez, 1990 eta 2005 urteen artean Afrikako herrialde gehienetan gerrak izan zituzten. Hain zuzen, denbora tarte horretan 23 herrialde gatazka armatua jasaten ari ziren. Ekonomiari eragindako kaltea nabarmena izan zen aitzitik: urteko 13.000 milioi euro inguru.



TRATATU BATEN BEHARRA. GKEen arabera, Afrikako gobernu askok aurrerapauso asko egin dituzte eskualde mailan armen trafikoaren kontrola gauzatzeko. Hala ere, argi dute arazoari behin betiko irtenbide ematekotan, akordio zabal bati esker izango dela. Armen merkatua legez debekatzeko hitzarmena beharrezkotzat jotzen dute.

Ellen Jhonson Sirleaf Liberiako presidenteak ere parte hartu du txostenaren idazkuntzan. Gerra zibil luze bat gainditu berri duten herrialdeko buruzagi horren arabera, armen kopurua ugaritzearekin bat gatazka armatuak ere gora egin du. Horregatik, txostenarekin bat egiten du bide bakarra tratatua dela esatean: «Afrikako gune gatazkatsuetara armak iristea ekidin behar dugu, eta armen merkataritzarako tratatua hori lortzeko giltza bakarra da».

Beste hainbat adituren ustez, ordea, gatazka armatuak kontrolatzeko bide bakarra arma gehiago eskuratzea da. Horregatik, Afrikako herrialdeek diru gehiago gastatu beharko lukete armamentuan. Herrialde askotan oinarrizko arazoa armadak nahikoa indar militarrik ez izatea da, nahikoa ekipaia eta soldadu gabe ezinezkoa egiten baitzaie herrialdea kontrolatzea. Kamerun da horren adibide, aditu horien arabera. 400 .000 kilometro koadro kontrolpean izateko soldadu gutxiegi --12.500 soldadu-- eta ibilgailu nahiz hegazkin egokirik ez duela iritzi diote. Baliabide egokirik gabe ekintzaileei aurre egitea ezinezkoa dela eta, armen aurka arma gehiagorekin erantzutea proposatzen dute hauek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.