Mundua

22.500era igo dute Myanmarren zikloiaren ondorioz hildakoen kopurua

Halaber, 41.000 dira desagertuak. Zikloiak erabat txikituta utzi ditu bost eskualde, eta aterpe eta elikagairik gabe daude ehunka milaka lagun.

2008ko maiatzaren 6a
18:30
Entzun
Nargis zikloiak hondatuta utzi du Myanmar. Joan den ostiraletik larunbaterako gauean astindu zuen herrialdea, eta egundoko balantze larria eragin duela nabarmendu dute hango agintariek, hasiera batean uste eta esan baino larriagoa. Azken datuen arabera, 22.464 lagun hil dira Myanmarko irratiak; hala esan du. Desagertuak, berriz, 41.054 direla aipatu du.

"Laguntza behar dugu", aitortu du gaur Kyan Nsan Informazio ministroak. Egoera itzel horri aurre egin ahal izateko, nazioarteko laguntza onartuko dutela zehaztu du Nyan Win diplomazariak, hasiera batean kontrakoa esan bazuen ere. "Helaraziko diguten laguntzari ongi etorria egingo diogu, gure herriak ordu larriak bizi baititu", adierazi du Winek.

Bengalako Golkotik sartu zen zikloia. Myanmarko hego-mendebaldeko kostaldeak ostirala gauean jo zituen . Orduko 190 eta 240 kilometro bitarteko indarra zuten haize ufakoek. Irrawady, Pegu, Rangun, Mon eta Karen estatuak bete-betean astindu zituen eta kalte itzelak eragin zituen bost eskualde horietan. Myanmarren orotara 53 milioi lagun bizi dira eta bost eskualde horietan 24 milioi lagun inguru bizi dira.

Ehunka milaka lagunek galdu dute etxea

Haing Gyiko uhartea izan da gehien kaltetuetako aldea. Bengalako Golkoan dago eta, han, 20.000 etxebizitza suntsitu ditu zikloiak; 92.700 lagun aterperik gabe utzi ditu. NBE Nazio Batuen Erakundeko giza laguntzarako bulegoak zehaztu du kaltetutako eskualde horiek premiazko laguntza behar dutela, hala nola elikagaiak, ura garbitzeko botikak, sendagailuak eta oihalezko aterpeak. NBEk dio herrialdean ehunka milaka lagunek galdu dutela etxea.

ASEAN Asia Hego Ekialdeko Nazioen Batasunak ere iragarri du premiazko giza laguntza helarazteko ahaleginak egingo dituela. Ameriketako Estatu Batuek eta Europako Batasunak ere laguntza agindu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.