Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, eraso suizida bat izan da atzerriko segurtasun guardiak zeramatzan autobus baten aurka. Goizean goiz gertatu da atentatua, Kabul ekialdean, Homayoon Aini Afganistango Barne Ministerioko Polizia Larrialdietako arduradunak adierazi duenez.
Erasotzailea oinez zihoan, eta gobernuz kanpoko erakundeak eta erakunde ofizialetako egoitzak babesteko zeregina duten guardien aurka jo du. Talibanek beren gain hartu dute "atzerriko inbaditzaileen aurkako" erasoa, Zabihullah Mujahid talibanen bozeramaileak adierazi duenez.
Handik gutxira, ordezkari politiko bat zeraman autoa igarotzen ari zela, eztanda egin du lehergailu batek Jalalabaderako errepidean. Pertsona bat hil eta lau zauritu dira.
Gainera, Keshim hirian motor bat lehertu da, eta zortzi lagun hil dituzte. Denak zibilak dira, Naweed Frutan gobernadoreak jakinarazi duenez.