24. protokoloa, Europako Batasuneko herritarrei asiloa emateko Belgikaren karta

Amsterdamgo Itunaren eranskin bat baliatzen du Belgikak Europako Batasuneko beste herrialde bateko herritar bati babesa emateko. 2015. urtera arte 220 eskaera jaso zituen.

Theo Francken Belgikako Asilo eta Migrazio ministroa. STEPHANIE LECOCQ, EFE
2017ko urriaren 30a
17:43
Entzun

Europako Batasuneko herrialde guztietan giza eskubideak errespetatzen direlakoan, berez herrialde horietako herritar batek ez luke inolako babesik behar EBko beste herrialde batean. Hala jasotzen du 1999. urtean onartu zen Amsterdamgo Itunaren 24. protokoloak. Horrekin batera, ordea, lau salbuespen kasu jasotzen ditu protokolo horrek, eta Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak eta Bruselan diren bost kontseilariek horietako bat baliatu dezaketen Belgikan babesa eskatzeko. Hala dio protokoloak, bere artikulu bakarrean:

"Europako Batasuneko estatuen eskubideenganako eta askatasunenganako bermeak aintzat hartuta, babes eskaera kontuetarako estatu horiek segurutzat joko dira. Ondorioz, herrialde horietako herritar batek beste herrialde horietako batean egiten duen babes eskaera soilik ondorengo kasuetan hartuko da aintzat:

1.- Asilo eskatzailearen jatorriko herrialdeak Giza Eskubideen Babeserako eta Oinarrizko Askatasunen Hitzarmenean jasotako betebeharrekiko ezohikok neurriak hartzen baditu.

2.- Europako Batasuneko Hitzarmenaren 7. artikuluan, 1. atalean, jasotako prozedura abiatu bada eta Kontseiluak, edo bestela Europako Batzordeak, asilo eskatzailearen jatorriko herrialdearekiko erabaki bat hartu bitartean.

3.- Kontseiluak asilo eskatzailearen jatorriko herrialdearekiko erabaki bat hartu badu Europako Batasuneko Hitzarmenaren 7. artikuluaren 1. atala baliatuz, edo Europako Kontseiluak hartu badu Hitzarmen horretako 7. artikuluaren 2. atala baliatuz.

4.- Europako Batasuneko herrialde batek hala erabakiko balu ahobatez beste herrialdeko bateko herritar baten eskaeraren aurrean; kasu horretan, Kontseiluari jakinarazi beharko zaio berehala. Eskaera aintzat hartuko da oinarririk ez duelakoan, horrek, kasuak edozein direlarik ere, Europako Batasuneko kide den estatuaren erabakitzeko ahalmenari inolaz ere eragin gabe.

Laugarren klausula, Puigdemontena

Lehen hiru salbuespenak asilo eskatzailearen jatorriko herrialdearen baldintzei erreparatzen diete. Europako Batasuneko herrialde horretan gerragatik edo beste edozein arrazoirengatik Giza Eskubideen Babeserako eta Oinarrizko Askatasunen Hitzarmena bertan behera utziz gero, Europako Batasuneko oinarrizko baloreak urratu dituelako prozesuren bat abiatuz gero edo Europako Kontseiluak prozesu horrengatik herrialde hori bertan behera utziz gero asilo eskubidea aitortzen die herrialde horretako herritarrei 24. protokoloak.Laugarren salbuespenak ez du horrelako oinarri formalik eskatzen, eta litekeena da Puigdemontek eta bere kontseilariek babesa eskatu nahi izanez gero, hori baliatzea.

24. protokoloaren erabilera anitza da Batasunaren barruan. Zenbait herrialdeek ez dute EBko beste herrialde bateko herritarren babes eskaerarik de facto onartzen, ezta tramitera ere. Baina Belgikak beretzat gorde zuen edozein eskaera tramitera onartzeko eskubidea, eskatzailea edozein tokikoa delarik ere. Hain zuzen, normalean prozedura bizkorra erabiltzen dute eskaera aztertzeko, eta bost eta hamar egun bitartean behar ditzake horretarako. Eskatzaileak, gainera, helegite bat aurkeztu dezake bere eskaera aintzat hartzen ez badute.

 

2015. urtera arte, Europa Press albiste agentziak jakinarazi duenez, Europako Batasuneko herritarren 220 asilo eskaera jaso zituen Belgikak, batik bat, Errumania, Eslovakia, Bulgaria eta Kroaziakoak. 2013an bakar bat ere ez zuen onartu, eta 2014an, hamar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.