Mundua

25 bat etorkin desagertu dira Malaga inguruan, beren ontzia hondoratuta

Alborango Itsasoan ontzi txiki batean zihoazela 25 lagun erreskatatu dituzte. Hauen esanetan, beste 25 bat lagun itsasoan ito dira.

2008ko abuztuaren 26a
15:21
Entzun
Espainiako Itsas Salbamenduko zerbitzuek 25 etorkin erreskatatu dituzte bart Alborango Itsasoan ontzi txiki bat hondoratu ondotik. Malagako (Andaluzia) portura iristean, 25 bat lagun Europarako bidean gelditu direla jakitera eman dute bizirik atera direnek. Abiatzerakoan 50 eta 60 lagun inguru zihoazela zehaztu dute.

Melilla (Espainiaren menpe, Afrika) eta Almeria (Andaluzia, Espainia) artean atzaman dituzte, eta Malagako portura eraman dituzte gero. Han Gurutze Gorriko langileak eta Polizia zituzten esperoan.

Malagara ailegatzean etorkinak artatu dituzten Gurutze Gorriko langileek ezagutzera eman dutenez, haiek hiru egun zeramatzaten noraezean, eta beraiekin zihoazen gainerako etorkinak itsasoan itota zendu dira.

Salbatu dituztenen artean 20 gizon eta 5 emakume atera dituzte onik. Emakume batek senarra eta hiru seme-alaba –tartean umetxo bat– galdu ditu eta medikuek artatu behar izan dute antsietate krisiak jo baitu.

Oro har, osasun egoera onean daude bizirik ateratakoak, baina xehe-xehe eginda daude, bidaideei gertatu zaiena dela eta. Lau lagunek hipotermia zantzuak zituzten, Gurutze Gorriko iturriek adierazi dutenez.

25 etorkinak Saharaz hegoaldekoak dira eta, itxura batean, ez dago adin txikiko inor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.