Gutxienez, 25 lagun hil dira eta 101 zauritu Mexikoko Estatuaren Pemex petrolio enpresan izandako leherketa batean, gobernuak jakinarazi duenez. Hildakoen artetik hamazazpi emakumeak eta zortzi gizonezkoak direla esan du Miguel Angel Osorio Gobernazio ministroak.
Pemexen egoiza nagusian izan da eztanda, eta exekutiboak dio oraindik ez dakiela zer dela-eta gertatu den. "Baliabide guztiak ari gara erabiltzen ezbeharraren zergatik ikertzeko eta ezagutzeko. Dakiguna jakinaraziko dugu jendaurrean, gardentasunez", adierazi du Osoriok.
Atentatu bat izan ote den galdetu diote prentsaurrekoan, baina ministroak ez du horretaz hitz egin nahi izan. "Informazioa izan barik aukera horretaz mintzatzea arduragabekeria litzateke".
Leherketa, agian, argindar sistema berotzearen ondorioz gertatu dela zabaltzen ari dira Mexikoko hedabideak.
Hamar mila lagunek egiten dute lan petrolio enpresa publikoaren egoitza nagusian.