Orain arteko datuen arabera, 26 lagun hil dira bart gauean AEBetako ekialdeko kostan Sandy urakanaren eraginez. New Jersey estatutik sartu zen kontinentera, eta nahiz eta ordurako zikloi tropikala izan, hainbat kalte eragin ditu. Sei milioi lagun inguru argindarrik gabe utzi ditu, eta bigarren egunez hainbat hiri erabat geldiaraziko ditu gaur.
Gauerdian lurreratu da urakana, olatu handiak eta 150 kilometro orduko haize ufadak eramanez. Kostaldeko hainbat hiri ur azpitan hartu ditu, eta New Yorkeko zenbait lekutan, Hudson ibaiak gainezka eginda, XIX. mendetik ezagutzen ez ziren uholdeak sortu dira, ura lau metrora iritsita. Inguru horietan inoiz ezagutu den urakanik handiena izan da Sandy. Hamar pertsona zendu dira New Yorken, Michael Bloomberg alkateak jakinarazi duenez. Urakanak hirian izan duen eragina "aurrekaririk gabekoa" dela azaldu du Bloombergek.
New Jerseyn Oyster Creek-eko zentral nuklearrean alerta maila baxua ezarri dute, eta gelditu egin dute, ura hartzen ari den mailagatik. AEBetako zentral zaharrena da, 1969koa, eta agintariek esan dute geldialdia programatuta zegoela. Beste bederatzi zentraletara inspektoreak bidali dituzte, zer kalte izan daitezkeen aztertzera.
Ezbehar larriena, HMS Bounty itsasontzi historikoan
CNN telebista katearen arabera, AEBetan hamabost lagun hil dira: New York, New Jersey, Mendebaldeko Virginia, Connecticut, Pensilvania, Maryland eta Ipar Karolinan, gehienak zuhaitzak edo haizeak zeramatzan bestelako gauzak euren etxera edo autora erorita. Kanadan lagun bat hil da errepideko seinale batek jota, Toronton.
Ezbehar handiena New Yorken gertatu da. HMS Bounty itsasontzi historikoa hondoratu egin da, barruan hamasei lagun zirela. Kapitaina hil egin da, eta marinel bat desagertuta dago. Beste hamalau lagunak erreskatatu egin dituzte.
26 hildako horiekin, jada 92 dira Sandy-k hildakoak. Haitin 51 lagun hil eta hemezortzi desagertu ziren urakana pasa zenean, 11 Kuban, bat Jamaikan eta beste bat Bahametan.
Errepidera eta kalera ez ateratzeko deiak
Larrialdi zerbitzuek gainezka egin dute, etengabe jaso baitituzte deiak, eta agintariek eskatu dute soilik hil edo biziko kasuetan deitzeko horiei. Gainera, errepidera ez ateratzeko ere eskatu dute, larrialdi zerbitzuetako ibilgailuen lana errazteko.
Atlantic Cityn, urakanak jo duen lehen hirian, argindarra joan ondoren kalera ateratzeko debekua jarri dute goizeko 06:00 arte. Lantoki eta eskoletan gaur ere ez da jardunik izango. 14.000 hegaldi baino gehiago geratu dira bertan behera 11 aireportutan.