Espainiako Kontu Auzitegiak 5,4 milioi euroko fidantza ezarri die Kataluniako Generalitateko 39 goi kargu ohiri, 2011 eta 2017 bitartean prozesu independentistarekin eta haren nazioarteko sustapenarekin lotutako gastuengatik, besteak beste, kontratuak, bidaiak eta enbaxadetako gastuak. Gaur goizean filtratu duten 504 orriko txostenak amaitutzat eman du instrukzio fasea, eta gerora iritsiko den epaiketan erabakiko dituzte akusatuetako bakoitzak ordaindu beharko dituzten zigor ekonomikoak. Hala, fidantza eskaera handiena jaso duena Albert Royo Diplocateko idazkari nagusi ohia da; 3,6 milioi eurokoa. Lehen lerroko politikarien artean, berriz, Francesc Homs Presidentetzarako kontseilari ohiari 2,9 milioi eurokoa ezarri diote. Atzetik dira Artur Mas presidente ohia eta Andreu Mas-Colell Ekonomia kontseilari ohia, bakoitza 2,8 milioi eurorekin; Carles Puigdemont presidente ohiari eta Oriol Junqueras presidenteorde izandakoari, aldiz, 1,9 euroko fidantzak ezarri dizkiete.
Auzitegiaren arabera, besteak beste, 300.000 euro baino gehiago gastatu zituen Generalitateak Puigdemontek atzerrira eginiko bidaietan. Diplocatek hainbat herrialdetan —besteak beste, Erresuma Batua, AEBak, Frantzia, Alemania eta Suitza— eta EB Europako Batasunean eginiko lanen gastuak ere kontuan hartu ditu auzitegiak. Hori bakarrik ez, baita independentzia prozesuarekin lotutako jarduera politikoak, akademikoak, kulturalak eta kirol arlokoak ere. Denera, 5,1 milioi euro baino gehiago. Horiei interesak batu dizkie auzitegiak, 5,4 milioi euroko kopurura iristeko.
Diru publikoa «Espainiarekiko zatiketa bultzatzeko» erabiltzea egozten zaie auzipetuei, eta hartutako erabaki administratiboekiko «erantzukizun ekonomikoa» eskatzen. Erantzukizuna ikertutako ekintzetan izandako parte hartze mailaren arabera neurtu du auzitegiak. Hortik Atzerri kontseilari izandako Raul Romevak 2,1 milioi euroko fidantza ordaindu behar izatea, ia Masek berak adina. Jarritako zigor ekonomikoak ordaindu ezean, euren jabetzak bahituko lituzke Kontu Auzitegiak.
Halere, Masen gobernuko goi karguak dira zigor ekonomiko handienak jaso dituztenak, bere agintaldiak ikertutako garaiaren zati handiena hartzen duelako —2010 eta 2016 artean izan zen Generalitateko presidente—. Ez da hau buruzagi ohiak jaso duen lehen zigor ekonomikoa; aurrez, 4,9 milioi euroko beste bat jaso zuen, 2014ko azaroaren 9ko kontsulta antolatzeagatik. Masek epaiaren aurkako helegitea jarri zuen, eta egun Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain dago.
Ezarritako diru kantitateak, baina, modu solidarioan ordainduko dira. Hau da, euren karguetan zeuden epeetan eginiko ustezko legez kanpoko gastuak ezarri zaizkie denei. Beraz, gastu bera kargudun bati baino gehiagori lotua ageri da, baina behin ordaindu beharko dute denen artean.
Fidantzen berri izan bezain laster, Gonzalo Boyek, Puigdemonten abokatu denak, espedientearen filtrazioa kritikatu du, eta «adar jotzetzat» jo prozesua. Haren esanetan, Kontu Auzitegiak «Kataluniako Estatutuaren derogazio inplizitu bat» egin nahi du, haren eskumenen artean ez dagoen zerbait. Homsek ere salatu du hedabideen bidez izan duela ebazpenaren berri. Era berean, kritikatu du Kontu Auzitegia ez dela «benetako auzitegi bat». Izan ere, ez da Espainiako Botere Judizialaren parte, eta behin eta berriz salatu da haren partzialtasuna. Hura osatzen duten kideak, hamabi denera, senatuak eta kongresuak erabakitzen dituzte. Kide berrien aukeraketak, ordea, hainbat urte daramatza etenda, PPk aldaketa oro blokeatu duelako, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian egin bezala. Hala, Kataluniako independentisten kausa aurrera atera duena Jose Maria Aznar presidentearen lehen agintaldian Justizia ministro izandako Margarita Mariscal de Gante da.
Gaur eta bihar artean, alegazioak aurkezteko aukera izango dute auzipetuen defentsek. Halere, abokatuek kritikatu dute hiru orduko epea eman dietela 504 orriak irakurtzeko, eta hamar minutu besterik ez alegazio horiek epaimahaiari aurkezteko.