MUNDUA

28en Europa

Europako Batasuneko kide da gaurtik Kroazia, eskaria egin eta hamar urtera. EBrekin bat egin duen Jugoslavia ohiko bigarren errepublika da, Esloveniaren ondoren.

2013ko uztailaren 1a
13:21
Entzun

Europako Batasunak 28 kide ditu gaurtik aurrera. Hamar urteko ibilbideari amaiera eman dio Kroaziak, EBrekin bat eginda. 2003ko otsailean egin zuen horretarako eskaria, eta 2005eko urrian ekin zieten negoziazioei. 2011ko ekainean amaitu zituzten elkarrizketak.

2011ko abenduaren 9an sinatu zuten bat egiteko hitzarmena, eta 2012ko urtarrilaren 22an bozkatu zuten Kroaziako herritarrek EBrekin bat egitearen inguruan. %66,27k eman zuten botoa EBko kide izatearen alde.

Europako Batzordeak iragan martxoan egin zituen azkenekoz ikuskaritza lanak, eta ebatzi zuen "oro har" batasuneko kide izateko baldintzak betetzen zituela. Hala ere, eskatu zion ustelkeria amaitzeko ahaleginetan sakontzeko.

Hamabi eurodiputatu izango ditu Kroaziak. Bart gauean eginiko ekitaldietan, "ongietorria" eman diote EBko estatuburu eta gobernuburuek Kroaziari. Zoran Milanovic Kroaziako lehen ministroaren arabera, "bidaia luzea" izan da, baina herrialdeak "guztia baino gehiago" egingo du EBko kide ez diren herrialde bizilagunei laguntzeko, "lehenbailehen" has dezaten haiek ere bat egiteko prozesua.

Jugoslavia ohia, Europako Batasunerantz

EBrekin bat egin duen Jugoslavia ohiko bigarren errepublika da Kroazia, Esloveniaren ondoren. 2004an atxiki zen Eslovenia EBra.

Serbia izango da hurrengoa. EBko estatu eta gobernuburuek ostiralean hitzartu zuten Serbia EBn sartzeko negoziazioak beranduenez 2014ko urtarrilean hasiko dituztela. Erabaki horrek Belgradek gauzatu dituen erreformak onartzen ditu, baina, bereziki, Kosovorekin duen erlazioa normalizatzeko akordioa. "Europako Batzordeak erabaki du Serbia Europako Batasunean sartzeko negoziazioak hastea", esan zuen Herman Van Rompuy EBko presidenteak ostiraleko bilkura amaitu ondoren. Estatu eta gobernuburuek onartu duten dokumentuak azaleratzen duenaren arabera, lehen elkarrizketa txanda "beranduenez" 2014ko urtarrilean egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.