Yemenen, 30 pertsona hil eta 200 zauritu dira gutxienez gobernuaren kontrako protestetan parte hartzen ari diren manifestarien kontra tiro eginda, Sana hiriburuan. Ez dago argi zeinek egin duen erasoa. Oposizioaren arabera, Poliziak egin die tiro, baina, beste iturrien arabera, zibilek egin dute erasoa, teilatuetatik su eginez. Egoeraren oldarkortasuna ikusita, gobernuak larrialdi egoera ezartzea erabaki du.
Unibertsitate inguruan izan da tiroketa, eta manifestariek ostiraleko otoitzaren ondoren protesta egin dutenean hasi da. Manifestariak enparantzan bilduta zeuden, eta han dagoen harresi bat botatzen saiatu direnean hasi da erasoa. Beste herrialde arabiar batzuetan bezala, Yemenen ere hilabete daramate protesta egiten. Ali Abdula Sale presidenteak, ordea, protestak zapalduz erantzun die orain arte.