Jean Claude Juncker EBren presidenteak iragarri du Turkiako Gobernuarekin hitzarmen bat adostu dutela errefuxiatuen aferari buruz. Zehazki, bertara iritsi diren errefuxiatuak han bertan artatu ditzaten egin dute akordioa. Horrekin, errefuxiatuak Europako Batasuneko gainerako herrialdeetara joan daitezen ekidin nahi dute.
Angela Merkel Alemaniako kantzillerra argiago mintzatu da bileraren ostean; aitortu du Turkiari 3.000 milioi euro emateko proposamenaz eztabaidatu dutela. Eta zehaztu du diru hori ezin duela EBk bere aurrekontuetatik soilik batu. Beraz, estatuek ere diru kopuru berri bat jarri beharko luketela adierazi du.
Frantziako presidente François Hollandek, ostera, azpimarratu du ez dutela adostu Turkiarekin diru kopuru jakin bat; "datozen asteetan eztabaidatuko dugu hori".
Bidean heriotza gehiago
Bien bitartean, errefuxiatuek bizia galtzen segitzen dute Europa erdietsi nahiean; gaur goizaldean Bulgariako poliziak tiroz hil du Turkiarako muga igaro nahi zuen gaztea afganiar bat. Polizia iturrien arabera, errefuxiatua geldiarazteko egin dute airera tiro. Balak, ordea, lepoa zeharkatu dio.
Atzo, zazpi hil ziren Greziako kostaldean, Lesbosen. Horietako lau haurrak ziren; bat, besoetako umea.
Irailean Turkiako Bodrum hondartzan hilik agertutako 3 urteko haurraren argazkiak asaldatu egin zuen nazioartea. Nazio Batuen Erakundeak txosten batean Europaren jarrera salatu zuen. Aurten 3.500 iheslari baino gehiago hil dira Mediterraneoko uretan.