Mundua

3.200 meatzari harrapatuta geratu dira Hegoafrikan meategi batean

Meategi barruko zutabe bat erori ondoren, igogailuaren argindarra joan egin da. Inor ez dago zaurituta.

2007ko urriaren 4a
11:32
Entzun
Hegoafrikan urrea ateratzeko meategi baten barruan harrapatuta geratu dira gaur goizean 3.200 meatzari, Johannesburgoren hego-mendebaldean, Carletonville herritik gertu. Inor ez dago zaurituta, eta haiek handik taldeka ateratzeko prestatzen ari da enpresa.

Meategi barruko zutabe bat erori ondoren, igogailuaren argindarra joan egin da eta meategiaren egituran kalteak eragin ditu.

Lagunak barrutik ateratzen "pixka baterako lana" dutela esan dute meategiko iturriek. Izan ere, beste igogailu batek orduerdiro 300 pertsona garraia ditzake gehienez. Barrukoek ura eta aireztatze makinak dituztela jakinarazi dute, halaber.

Sindikatuek salatu dutenez, meategiak ez du "denbora askoan" mantenuko lanen jarraipenik izan. Erori den zutabea egoera onean ez zegoela aitortu du enpresak.

Joan den irailaren 28an, Carletonvillen inguruan, lau meatzari hil ziren lanean ari zirela. Haitzak erori zitzaizkien gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.