Japoniako Gobernuak 33.000 milioi euroko aurrekontua prestatu du martxoko lurrikarak eta tsunamiak suntsitutakoa berreraikitzeko eta bestelako kontuak konpontzeko: eraikinak, errepideak, portuak, zubiak, trenbideak, biktimak... Ezbeharrak 68.000 etxe desagerrarazi edo txikitu zituen, eta oso litekeena da exekutiboak aurrerantzean diru gehiago jarri behar izatea. II. Mundu Gerratik izandako krisirik larriena ari dira bizitzen Japonian, eta hori areagotu egin du Fukushimako zentral nuklearraren hondamendiak.
Gaur aurkeztu du gobernuak 33.000 milioi euroko aurrekontua, eta maiatzaren 2an onartuko dute parlamentuan. Poltsa horretatik diru gehien berreraikitze lanetarako erabiliko dute —10.000 milioi—, eta beste zati batzuk behin-behineko etxeak egiteko —maiatzaren bukaerarako 30.000 egon daitezkeela esan du gobernuak—, hondakinak jasotzeko edota biktimei kalte-ordainak emateko izango dira.
Martxoaren 11n lurrikara handia gertatu zen, eta ondorengo tsunamiak ere milaka lagun hildako eragin zituen. Ofizialki —asteazkeneko datuen arabera—, 14.013 dira hildakoak eta 13.804 desagertutakoak. Hildako gehienak —hamarretik bederatzi—, Miyagi, Iwate eta Fukushima probientzietakoak ziren. Kostaldean daude hiru probintzia horiek, eta 38 metroko olatua 40 kilometro barrura sartu zen.
Atzo bertan beste bost lurrikara gertatu ziren Honshu irlan. Azkenekoa Richter eskalan 6,1 gradukoa. Epizentroa Tokiotik 64 kilometro ekialdera egon zen. Beste lau lurrikaren artetik bat 6 gradukoa izan da, Honshun bertan.
1995ean Kobe-n lurrikara handia izan zenean, gobernuak 27.000 milioi euro jarri zituen; batik bat, azpiegiturak berreraikitzeko.