Atentatu suizida batean, gutxienez 35 lagun hil dituzte eta beste 32 zauritu Afganistango zentro militar batean gaur. Kunduzen izan da erasoa, herrialdearen iparraldean. Hildakoen artean bi adingabeko daude, iturri ofizialen arabera. Beste iturri batzuek diote hildakoak denera 37 direla.
AEB eta NATO uztailean hasiko dira Afganistango segurtasunaren eskumena bertako armadari eta Poliziari ematen, pixkanaka —2014an bukatuko da prozesua—, eta herrialdeko agintariak soldaduak-eta lortu nahian dabiltza.
Hilaren 10ean ere izan zen Kunduzen atentatu bat: eskualdeko poliziaburua eta haren bi bizkartzain hil zituzten. Otsailaren 21ean, berriz, 30 lagun zendu ziren eraso suizida batean.