35 lagun hil dituzte India hego-ekialdean, Chattisgarh estatuan, autobus bat pasatzean bonba bat lehertuta. Iturri ofizialek adierazi dute gerrilla maoistak egin duela atentatua.
Autobusean zibilak eta poliziak zihoazen. Asteburuan, berriz, sei lagun hilda agertu ziren Chattisgarh-eko basoan, eta gerrillariek esan dutenez, lepoa moztu diete Indiako Gobernuarentzat lan egiteagatik.
Gerrillarien gotorlekua da Chattisgarth estatua, eta Indiako Gobernuak iazko irailetik Ehiza Berdea operazioa du abian. Milaka soldadu bidali ditu maoisten guneetara, baina Gobernuaren erasoak handitu ahala gerrillarienak ere suspertu egin dira. Milaka lagun hil dira 30 urteotan maoisten eta segurtasun indarren arteko borroketan. Iaz 591 zibil, segurtasun indarretako 317 kide eta 217 ekintzaile hil ziren, Polizia iturrien arabera, eta aurten dagoeneko gehiago dira hildakoak. Kaxmirko gatazka baino «arriskutsuagoa» bilakatu da Indiako Gobernuarentzat maoistena.
mundua
35 lagun hil dituzte Indian, bonba bat lehertuta
Iturri ofizialek gerrilla maoistari egotzi diote atentatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu