Libiako hiriburuaren kanpoaldean hiru hobi komun aurkitu dituztela jakinarazi du Tripoliko Kontseilu Militarrak. Ostiral gauean aurkitu zituzten, eta handienean 300dik gora gorpu aurkitu dituzte; beste bietan 48 eta bederatzi gorpu atera dituzte lurpetik, hurrenez hurren. Iragan otsailean hasitako protesten ostean Muammar Gaddafiren erregimenak hildakoak dira guztiak, erreboltarien arabera.
Gaddafiren jarraitzaileei eginiko galdeketei esker aurkitu dituzte hobi komunak, matxinoek azaldu dutenez. Irailaren 25ean, esaterako, Tripoliko Abu Salim espetxe inguruan beste hobi komun bat aurkitu zuten 1.200 gorpurekin; 1996an presondegian izandako matxinada baten ostean hil zituen erregimen zaharrak. Bestalde, HRW Human Right Watchek «atxiloketa arbitrarioak eta abusuak» eteteko eskatu dio Trantsiziorako Kontseilu Nazionalari. Erakundeak Libiako 20 kartzela bisitatu ditu, eta tratu txarren salaketak jaso ditu; sei presondegitan, gainera, kolpeen eta deskarga elektrikoen erabilera ere salatu dute.
Bitartean, Surten borrokan jarraitzen dute, eta Gurutze Gorria hiriaren kanpoaldean dago, sartu ezinik. Hirian hildako zibilak egon daitezkeela esan du NBEk.
350 gorputik gora aurkitu dituzte Tripoli inguruko hiru hobi komunetan
Atxilotuen kontrako abusuak eteteko eskatu dio HRWek Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionalari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu