38 urte eta 228 milioi geroago

arantxa elizegi egilegor
2010eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Justizia egon badagoela diote batzuek; bilatu egin behar, ordea. Irlanda iparraldean aztarnaren bat edo beste aurkitu omen dituzte aste honetan, Bloody Sundayko -igande odoltsua- gertakarien harira. Mark Saville instrukzio epailearen txostena lagungarri izan da horretarako. Duela ia berrogei urte Londresek lapurtutako errugabetasuna itzuli die 1972ko urtarrilaren 30eko tiroketan hildako hamalau lagunei. 5.000 orriko dokumentua malko eta txalo artean hartu zuten asteartean Derryko Guildhall plazan bildutako ehunka lagunek. «Paraxutisten erregimentua ohoregabetua izan da. Widgeryren [Goreneko presidente ohia]gezur handia argitara atera da. Azkenean, egia heldu da etxera», esan zuen Tony Dohertyk. Haren aita zen Erresuma Batuko armadako paraxutistek tiroz hil zutenetako bat. Duela urte gutxi batzuk ezinezko ziruditenak posible egin ditu Savillek, besteak beste, Erresuma Batuko lehen ministro batek barkamena eskatzea armadak egindako krimenengatik, eta egindakoa «ezin zurituzkoa» dela aitortzea. Tamalez, hor amaitzen dira arrastoak.

David Cameron kontserbadoreak oharra luzatu die justiziaren bila jarraitu asmo dutenei: «Ikerketaren mesedetan egindakoak aitortu dituzten haiek ezingo dira epaitu beren lekukotzengatik». Alegia, Savillek txostenean kontrakoa esan arren, ezin izango dituztela epaitu manifestazio baketsuaren kontra tiro egin zuten soldaduak, ez eta ere, gerta zitekeenaren jakitun, haiei hara joateko agindu zieten armadaburuak, eta are gutxiago errepublikanoak nagusi ziren auzora, Polizia bidaltzeko aukera izanda, hortzetaraino armatutako militarrak bidaltzea erabaki zuten agintariak. 38 urte eta 228 milioi euro behar izan ditu, baina azkenean berearekin atera da Londres. Izan ere, biktimek ia ezinezko izango dute, horrenbeste denbora eta gero, errudunak auzitegietara eramatea. Haien aukera bakarra militarrak gezurrezko testigantza emateagatik auzipetzea da, eta hori ere zaila izango da, nahiz eta froga argiak eduki.

Duela ia 40 urteko igande arratsalde hartan gertatutakoak ez duela «armadak 1969tik 2007ra Ipar Irlandan egindako lana azaltzen» dio Cameronek. Baina bere kalterako, askok gogoan dute nola sei hilabete lehenago, 1971ko abuztuan, paraxutistek 11 lagun hil zituzten -tartean apaiz bat eta emakume bat- Belfast mendebaldean. Ipar Irlandako gobernuburu Peter Robinson unionistak dio ez direla etorkizuneko belaunaldiak «iraganeko egun ilunekin zigortu behar», eta beraz, «hoberena» aurrera begiratzea dela. Horretarako, ordea, ez da nahikoa historiaren zati txiki bat argitara ateratzearekin, beharrezkoa da egia osoa jakitea; eta hori da, hain zuzen ere, Londresek inoiz onartuko ez duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.